GARA
BILBO

Urrian, enplegu gutxiago EAEko saltoki handietan

Lehen begiratuan kontraesankorra dirudien arren, saltoki handietan, salmentek gora egiten duten arren, lanpostuak murriztu egin dira urrian. Lehen hamar hilabeteetan salmentak %2,1 ugaritu dira EAEn.

Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmentek urtetik urterako igoera erregistratu dute 2020ko urrian, %6,7ko prezio konstanteetan, lan-egutegiko termino homogeneoetan. Aurreko hilabetearekin alderatuta (iraila) salmentak %1,0 igo dira, Eustatek atzo eman zituen datuen arabera.

Elikagaien salmentek %7,4ko urte arteko igoera izan dute, eta gainerako artikuluei dagozkienek, %5,2koa. Irailarekin alderatuta, prezio konstanteetan egindako elikagaien salmenta %1,2 hazi da, eta gainerako produktuena, berriz, %0,6.

Lurralde historikoen arabera, urtetik urterako salmentek gora egin dute urrian: Araban %7,4, Bizkaian %4,8 eta Gipuzkoan %9,6.

Salmentak hazi arren, ordea, EAEko saltoki handietan eta elikadura-kateetan enplegatutako langile kopuruak %2,6 egin du behera urrian, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, baina %0,8 egin du gora, urtaroz kanpoko terminoetan, aurreko hilabetearekin alderatuta.

Urtarriletik urrira

Urtarriletik urrira bitartean, merkataritza-gune handietako salmenta-indizeak %2,1eko hazkundean izan du. Elikaduran metatutako salmentak %8,6 ugaritu dira 2019ko hamar hilabeteko aldi berarekin alderatuta; gainerako produktuetan, berriz, aurreko urteko aldi berean metatutakoak baino %10,5 txikiagoak dira.

Lurralde guztietan hazi da urteko kopuru metatua, Bizkaian %0,9; Araban, %3,0; eta Gipuzkoan, %3,9.

Bestalde, urteko lehenengo hamar hilabeteetako kopuru metatuan, enplegatuen kopurua %1,4 hazi da 2019ko aldi berarekin alderatuta. Indize honetan aintzat hartutako enplegatuen artean sartzen dira aldi baterako enplegu-erregulazio espediente bati (ABEEE) atxikitako pertsonak, Europar Batasuneko Estatistika Bulegoak (Eurostat) enplegatuari buruz ematen duen definizioari jarraituz.

Eustatek zehaztu zuen, halaber, egutegiaren ondorioak zuzentzeko eta serieen urtarokotasuna gainditzeko erabilitako ereduek barne hartzen dutela covid-19ak aztertutako aldagaietan duen eragina.