GARA
GASTEIZ

Gasteizko Udaleko Ataria zentroan izandako jazarpen kasu bat epaitu dute

«Tratu desegokia eta sexuagatiko jazarpena» salatu zituen Gasteizko Udalaren menpeko Ataria zentroko langile baten kasua epaitu zuten atzo Arabako Auzitegian. Haurdunaldiko arriskuak ebaluatzeko egin zuen eskaera, legez beharrezkoa dena, baztertu egin zutela azaldu zuen LAB sindikatuak. Langileak erditu aurreko fetu-heriotza izan zuen.

Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegien Zentroak kudeatzen duen Ataria zentroan lan egiten duen emakume baten kasua salatu zuen atzo LAB sindikatuak, bai epaitegian bai kalean. Izan ere, Arabako Auzitegian epaiketa egiten zen bitartean, kanpoan kontzentrazio bat egin zuten. Sindikatu abertzaleak salatu zuenez, alde batetik, langilea haurdunaldian osasun babesik gabe geratu zen; eta, bestetik, jazarpen sexistaren protokoloa ez zen aplikatu.

LABeko Idazkaritza Feministako arduradun Eli Etxeberriak epaitegiaren atarian bertan azaldu bezala, salaketa jarri duen langileak adierazitako kexa gutxietsi, infantilizatu eta minimizatu egin dute. «Gainera, osasunari modu larrian eragin dioten era guztietako presioak jasan ditu», gaineratu zuen.

Honakoa da atzo epaitegietan egindako kontakizuna: haurdunaldiko arriskuak ebaluatzeko langileak egindako eskaera, legez beharrezkoa dena, baztertu egin zuten eta ez zen kontuan hartu beranduegi izan arte. Langileak erditu aurreko fetu-heriotza izan zuen, eta lanpostuan zela utzi bazion ere fetuaren seinaleak sentitzeari, «Udalarentzat ez zen osasunaren zaintzarekin arazorik egon». «Tratu desegokia eta sexuagatiko jazarpena salatu baditu ere langileak, Gasteizko Udalak erabaki du jazarpen protokoloa ez aktibatzea, nahiz eta jazarpen sexista den ala ez zehazteko modu egokia izan», azpimarratu zuen LABek.

«Oso larria eta salagarria iruditzen zaigu Gasteizko Udalaren jokamoldea. Izan ere, Udalak eskaeron aurrean erantzukizuna dauka, baina, mekanismoak jarri ordez, ez du garaiz jokatu langilearen osasuna babesteko, eta sexu jazarpenagatiko salaketa ere ez du onartu, nahiz eta jakin langileak zer tratu eta iruzkin jaso zituen», azaldu zuen Etxeberriak.

«Salatzen duguna ez sinistu»

Bezperan, azaroaren 25ean, erakunde publiko guztiek Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean parte hartu bazuten ere, LABek uste du mezu horiek oraindik ez direla administrazioaren esparru batzuetan islatzen. «Bereziki larria iruditzen zaigu kasu honetan Udalak eta, oro har, administrazioek plazaratzen duten mezua hauxe dela: emakumeok salatzen duguna ez sinestea, adierazten dugunari garrantzia kentzea, minimizatzea edo gure eskubideak aldarrikatzean giro txarra sortzen dugula leporatzea. Hori guztia Gasteizko Udalak publikoki adierazten duen berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako borrokaren diskurtsoarekin guztiz kontraesankorra da».

«Zertarako balio du indarkeria matxisten aurkako protokoloak izateak, baldin eta, kasua iristen denean, ez badira aktibatzen eta zehaztasunik gabe zehazten bada zer den eta zer ez den jazarpena ikertzen hasi gabe?», galdetu zuen ordezkari sindikalak.

Eta hona Etxeberriak hemen eman zuen erantzuna: «Utz ditzagun poseak, jardun gaitezen posible denean. Erakundeek serioski zaindu behar dute osasuna. Genero indarkeria egiturazkoa da, ez du balio emakumeen heriotzak salatuz argazki bat ateratze hutsak. Esparru guztietatik egin behar zaio aurre».

Horregatik, LABek eskatu zuen, kasuaren larritasuna kontuan izanik, «neurri eredugarriak» hartzeko bai Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegien Zentroko bai azpikontratatutako enpresako arduradunei dagokienez.