Amaia EREÑAGA
GERNIKA
Elkarrizketa
HAIMAR AREJITA, ALEX SARDUI ETA GAIZKA SALAZAR
GATIBU TALDEKO PARTAIDEAK

«Musikarik gabe ez da bizimodu duinik egongo»

Aurten bi hamarkada bete dituzte oholtza gainean. Errepidea utzi, ospakizunak atzeratu eta etxean konfinatuta egon behar izan zuten garaitik disko berriarekin atera dira, eraberrituta. Aldarri batekin dator atzotik salgai den lana: «Musikak salbatuko gaitu».

Ez da urtebete pasa azkenekoz elkar ikusi genuenetik, hamar hilabete eskas, baina zen urruti dirudien… 2020. urte trakets honetan bizitza beste erritmo batera doa; aldizka mantso, aldizka ziztu bizian. Beti, arraro. Otsailaren erdian, Bilboko Miribilla kiroldegian, aurten oholtzan eta errepidean talde bezala bi hamarkada bete dituztela ospatzeko, Gatibuko kideek martxoaren 28rako prestatu zuten kontzertu erraldoia aurkeztu zuten. Gu, horren lekuko. Orduan argitaratu genuen albistearen izenburua, honakoa: «Gatibu: ‘Euskaraz kontzertu masiboak egin daitezkeela frogatu nahi dugu’». Irakurtzeak soilik malenkonia sortzen du.

Azaroko egun argitsu eta hotz honetan –eguraldia antzekoa zen otsailean, hori ere, zein arraroa–, Alex Sardui (ahotsa), Haimar Arejita (gitarrak) eta Gaizka Salazarrekin (bateria) egin dugu hitzordua Gernikan. Mikel Caballero (baxua) falta da. Tabernarik ezean, kafea banku batean hartu dugu –zein azkar hedatu den ohitura hori– eta, ondoren, Europako Herrien Parke ederreko bidea hartu dugu, toki lasai baten bila. Haize ezkutuan, banku baten bueltan bildu gara. Pandemian garaiotan, elkarrizketak egiteko lekuen aniztasunaren beste adibide bat.

Rockaren munduan dabiltzanak denetara ohituta daude, esaten diot nire buruari, lau izarretako hoteletako suite erosoei zein parkeetako banku ziztrinei. Eta Gatibukoek, milaka kilometro daramatzate bizkar gainean. Ospakizun, dantza eta festez betetako urtea behar zuena, planeta osoari bezala, aldapa gora jarri zitzaion rocka euskaraz eta bizkaieraz sustraitu duen talde beteranoari. Baina emultsionatzaile gisa jokatu izan balu bezala, pandemiatik disko batekin atera da Gatibu. Zauriak miazkatzeko musika sortzea bezalakorik ez omen dago; streaming bidezko kontzertuen ostean, orain hirukote akustiko formatuan ari dira kontzertu txikiak ematen, egungo egoerara eta aurrekontuetara egokituta.

“Musikak salbatuko gaitu”, atzo salgai jarri zen izenburu esanguratsuko diskoa, bitxikeria da Gatiburen diskografian. Gaur, lehen singlearen bideoklipa aterako dute; “Egurra emon”, rock and roll dantzagarria. Eduki aldetik, lan berria aldarri bat da, musikaren garrantziaren aldarria (kreatiboa, ekonomikoa…); egitura aldetik, «freskoa eta pausatua». Bost kanta berri sortu dituzte Tarragonan grabatutako lan honetarako; seigarrena “Bixotzez” da, urteurrenerako egin zutena; «Ahotsak urratute, atzamarrak bixortute, baina bixotza bizi-bizirik dekogu», dio letrak. Guk geuk “amen” diogu, Gatibuk, beti legez, hankak dantzan jartzen dizkigun bitartean.

Urte nahasia honakoa, atzerapenez betetakoa. Miribillakoa, azkenean, 2021eko azaroaren 13ra; Euskaldunakoa, urtarrilaren 9ra... Ez dakit zein irakaspen atera dugun, agian pazientzia izan behar dugula?

Haimar Arejita: Pazientzia izatea derrigorrez inposatu zaigu, guztioi. Pazientziarik ez badaukagu, gaizki pasatuko dugu. Beste alde batetik, orain atera dugun diskoa apur bat konfinamenduak bultzatutakoa izan da, beste hainbat eta hainbat artistari gertatu zaien bezala. Talde askori irakurri diet: «Ez daukagu beste zereginik, eta zer egingo dugu? Kantuak egingo ditugu». Oso azkar prestatu ditugu kantuak, nahiz eta gutxi izan. Orduan erabili dugu daukagun denbora hori sortzeko, zeren nahiko denbora izan dugu, aurre egiteko denbora geldi honi. Izoztuta edo pause egoeran egon beharrean, animatu egin gara, nahiz zalantzak izan, ez dakizu-eta zer pasako den. Labea martxan jarri eta aurrera egin dugu.

Alex Sardui: Egia esan, gure sektorean horrelako gauzak gainditzen ikasi dugu, kulturak apurtxo bat aurrera egiten baitu beti, ez duelako osagai ekonomikoa bakarrik. Ez da erraza izan, inork ez baitaki egoera nolakoa izango den. Orduan pausoz pauso egiten duzu aurrera, horiek ziurrenak ote diren ez dakizun arren.

Zalantza da ea zuzenekoak lehengora bueltatuko diren. Ez dago jakiterik, baina garrantzi handia du zuentzat.

Gaizka Salazar: Zuzenekoak, gu jotzen eta jendea besarkatzen, dantza egiten, katxia partekatzen... gauzak horiek ez dakit nik itzuliko diren.

Haimar A.: Gauza horietara ohituta gaude eta guk hori bakarrik ezagutzen dugu. Beste gauza bat egin behar bada, egokituko gara, baina, orain, momentuz guri gorputzak eskatzen diguna da lehengora bueltatzea.

Alex S.: Euskal Herria eta euskaldunak beti, ez nuke parranderoak esango, baina bai sozialak izan gara oso.

Hau guztia diskoen salmenta krisi latzean zen une batean gertatu da, inoiz baino gehiago musika sektorearen elikagaia zuzenekoak ziren unean. Zuzenekoetatik bizi zaretelako zuek ere, ezta?

Haimar A.: Ehuneko ehunean! Baina egia da gu zortedunak izan garela eta gure inbertsioak diskoen salmentatik atera izan ditugula. Eta ez da gutxi.

Azken hamarkadotan asko aldatu dira bai merkatua bai publikoa.

Alex S.: Kontsumitzeko era ere aldatu da. Gu digitalean sartu ginen eta begiratu nola dagoen egoera egun.

Gaizka S.: Orain den bat-batean kontsumitzen da. Gaur gauza bat, bihar beste bat. Halere, guk jarraitzen dugu diskoak egiten, badaudelako taldeak bakarrik singleak egiten dituztenak; horrekin hilabete batzuk egoten dira, gero beste abesti bat atera... Guk diskoen apustuarekin jarraitzen dugu, nahiz eta apurtxo bat laburragoak izan. Eta ez da gutxi gaur egun. Baina bai, kontsumitzeko era, batez ere gazteena, horrelakoa da.

Haimar A.: Gazte askok disko bat zer den ere ez dakite, hori da errealitatea. Gu erromantiko batzuk gara eta oraindik fisikoan atera nahi dugu, gustatzen zaigulako diseinu bat edukitzea.

Alex S.: Lan artistiko bat dagoela atzean erakutsi nahi dugu.

Literaturan ikusi da Amazonen aurka jarri eta liburu dendak babesteko jarrera hartu dutela irakurleek. Ez dakit musika munduan horrelako zerbait sor daitekeen, askoz sektore globalizatuagoa baita...

Haimar A.: Egia da konfinamenduan disko salmentarik apenas ez dela egon, plataforma digitaletan kontsumitzen zen. Gu orain hasi gara ikusten jendea nola hasi den erosten, zeozer badabil mugitzen... Aurresalmenta bat jarri genuen abian orain dela aste batzuk eta ondo mugitu da.

Gaizka S.: Nik uste dut egon behar dela horrelako hartu-eman bat. Esan nahi dut, kulturan, eta gure kasuan musikan, behar izan denean beti prest egon gara, hor egon gara gure musikarekin ahal dena egiten eta laguntzen. Eta nik uste dut unea iritsi dela harreman hori egoteko, bai publikoarekin, bai entitate publikoekin, bai gobernatzen dutenekin… Guk badakigu gure publikoa hor dagoela, eta eskerrak. Harreman hori beharrezko ikusten dugu.

Musikaren sektorea egoera latzean da, Alerta Gorria teknikarien mugimendua erakusle.

Alex S.: Pentsa, talde bat enpresa bat da, baina dirulaguntzarik gabe, %21eko BEZarekin, %20ko PFEZarekin, sozietate zergarekin...

Gaizka S.: Taldean lau gara, baina kontzertuetara hamabi lagun goaz. Eta gure teknikariak ez daude lanean. Guk jarraitu dugu sortzen, grabatu dugu disko bat, baina denbora horretan guztian haiek geldi egon dira. Saiatuko gara ahal den neurrian haiek gurekin kontzertuetara eramaten, baina beti ezin da.

Haimar A.: Nik uste dut hau etorri dela, hein handi batean, lehen egoera prekarioa zelako. Gure sektorean egon da hondamendi bat eta orain ikusten da zein laguntza gutxi dagoen.

Tarragonako Lacasamurada estudioetan zortzi egunetan grabatu duzue «Musikak salbatuko gaitu». Agian lelokeria bat esaten ari naiz, baina «Katalunia connection» antzeko bat sumatzen dizuet; ekoizlea Ricky Falkner ospetsua da (Love of Lesbians taldeko partaidea), diskoaren azala, ederra oso (mezu ekologiko eta guzti), Diego Mir eta Dani Requeni diseinatzaile valentziarrena...

Haimar A.: Egia esan, gero eta lotura handiagoa dugu Kataluniarekin. Aurreko ekoizlea ere katalana zen. Lotura pila ditugu katalanekin... eta katalanez ez daukagu puta ideiarik ez!.

Gaizka S.: Ricki Falknerren lana oso gustukoa dugu. Oso fina da, eta luxu bat izan da berarekin lan egiteko aukera izatea.

 

Musikak salbatuko gaituela uste al duzue?

Alex S.: Ez dago besterik. Hemen zoratu baino lehenago, musikak salbatuko gaitu.

Haimar A.: Honakoa musikaren aldarria da, zeren, zer egingo genukeen musikarik gabe gizarte moduan edo pertsona norbanako moduan? Alexek esan duen moduan, zelan egongo ginateke bi hilabete eta erdi musikarik gabe? Musika bizitzarako beharrezkoa da, bizitza duina eramateko ezinbestekoa. Musikaren onurak ez dira zerbait estrategiko edo garrantzitsu bezala ikusten; beti kentzen zaio garrantzia, baina musika beharrezkoa da. Konfinamendutik salbatu gaitu eta salbatuko gaitu horrelako egoerak dauden guztietan, edo egoera txar bat dagoen bakoitzean, edo triste gaudenean... Etxean ospatu nahi den bakoitzean, zer egiten da? Musika jarri, baita bazkari edo afari batean lagunekin ere.

Egile askok diote konfinamendua oso garai bat emankorra izan dela, etxeko bakardadean sartuta egon direlako.

Alex S.: 70 metro karratuko etxe batean ume birekin sartuta bi hilabete eta erdian, nik esaten dizudana sortuko duzu! Ezta siesta garaian ere!

Haimar A.: Maiatz, ekain inguruan hasi ginen serio konposatzen eta, beraz, nahiko labur joan da prozesua. Diskoa entseatu gabe eraman dugu. Normalean jendeak entseatu egiten ditu kantak grabatu aurretik, baina guk ez dugu entsegu bakar bat bez egin.

Gaizka S.: Oso azkar etorri denez dena, oso fresko gelditu zaigu diskoa sonoritate aldetik. Tarragonara joan ginen bakoitzak etxean entzundakoa oinarri hartuta; kantuak Haimarrek eta Alexek etxean landu zituzten, baina talde gisa ez genuen entseatu. Orduan, izan zen hara joan eta bakoitzak jotzea. Diskoak heldutasuna eta freskotasuna batzen dituela esango nuke; zeren freskoa da, ez dugulako entseatu, eta heldua da, hara joan eta bat-batean kantu bat grabatu genuelako laurok eta pun… atera zen!