GARA
IRUÑEA

Gutxienez 63 langile hil dira aurten beren lanpostuetan Euskal Herrian

Ez da kopuru zehatza –heriotza guztiak ez baitaude ofizialki erregistratuta–, baina euskal lan munduan bizi den tragediaren tamaina islatzen du. Gutxienez 63 urte hil dira aurten beren lanpostuetan. Azken hiru heriotzak hamar egun baino gutxiagoan gertatu dira.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek deituta, mobilizazioa egin zuten atzo Nafarroako Gobernuko Lan Sailaren egoitzaren aurrean, azken lan istripu hilgarria salatzeko.

Istripua joan den asteazkenean gertatu zen Aranaratxen, Lizarrako merindadean, eta 44 urteko iruindar bat hil zen. Hain zuzen ere, langilea Nafarroako Ospitale Gunean hil zen, goi tentsioko linea elektriko bat konpontzen ari zela elektrokutatu ostean. Noi Montajes Electricos enpresan lan egiten zen hildako beharginak.

Mobilizazioa “Lan istripu gehiagorik ez! Prekaritatea hiltzailea” lelopean egin zuten sindikatuek. Heriotza gaitzesteaz eta hildako langilearen senideei elkartasuna adierazteaz gain, elkarretaratzearen helburua Nafarroako Administrazioari «beste alde batera begiratzeari uzteko» eta laneko ezbeharrei aurre egiteko neurriak hartzeko eskatzea izan zen, «patronalak onura ekonomikoa bizitza eta osasunaren gainetik jartzen baititu» .

Azken heriotza horrekin, gutxienez bederatzi lagunek galdu dute bizia beren lanpostuetan aurten Nafarroan eta 55ek Hego Euskal Herrian, ELAren datuen arabera. Gainera, Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian lurperatuta dago oraindik.

Bestalde, LABek jakinarazi zuenez, zazpi egunetan bi garraiolari hil dira Araban. Asteazkenean, hilak 25, garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko parking batean, ospitalera eraman eta bertan hil zen. Eta azaroaren 18an, garraiolari bat topatu zuten hilik kabinaren barruan Araiako zerbitzu eremuan.

Horrenbestez, gutxienez 63 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, 15 Araban, eta horietatik 11 garraiolariak, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera. .

Astelehenean, Gasteizen

«Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripuen nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik –gaineratu zuen LABek–. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak dira, eta, gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen».

Garraiolariek jasaten dituzten lan istripuek ageriak uzten dute, LAB sindikatuaren arabera, azken urteotan errepide bidezko merkantzien garraioan nagusitu den «prekaritatea eta desarautze basatia».

Egoera hori salatzeko, euskal gehiengo sindikalak, datorren astelehenean, azaroaren 30ean, kontzentrazioa egiteko deia luzatu du, Gasteizen, 11.30ean, SEA patronalaren egoitzaren aurrean, Correos plazan.