GARA
IRUÑEA

Ikusgai dago Berri Txarraken «Dardara» filmaren trailerra

Iaz bere 25 urteko ibilbidea etetea erabaki eta Euskal Herriko zein atzerriko oholtzetan agur esan zien zaleei Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte biraren bidez. Marina Lameiro zuzendariaren «Dardara» dokumentalak jasoko du agur hura. Zinemetara datorren urtean heldu bitartean, trailerra ikusgai dago taldearen Facebook sare sozialeko orrian.

2019an, bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, Berri Txarrak taldeak etenaldi mugagabea iragarri eta urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte bira aurkeztu zuen. Haren bidez, Euskal Herriko zein atzerriko zaletuak agurtu zituzten, azken eskertza gisa. Marina Lameiro zinegile nafarrak bertatik bertara jarraitu zuen bira hura eta haren emaitza izango da “Dardara”, zinema-aretoetara 2021eko lehen hiruhilekoan iritsiko den filma. Bien bitartean, pelikularen trailerra aurreratu dute. Edukia Berri Txarraken Facebook-en eta NAIZen ere badago ikusgai.

Dokumentalak taldeko konpositore, gitarra jotzaile eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera. «Pasioari buruzko filma da, bai Gorkak sortzaile gisa bai Berri Txarrakeko zaleek taldearekiko erakusten duten pasioari buruzkoa», azaldu dute proiektuaren sustatzaileak.

Marina Lameirorenak dira gidoia, zuzendaritza eta argazkia. Zuzendari nafarraren bigarren film luzea da honakoa, aurretik “Young&Beautiful” (2018) lana egin baitzuen. Datorren urtean argitaratuko den ikus-entzunezkoan agerian uzten du egileak Berri Txarraken abestiek utzi duten arrastoa eta nola taldea gai izan den estilo bat, rocka; hizkuntza bat, euskara; eta belaunaldi bat, haien kideena, gainditzeko, fenomeno unibertsal bilakatuz.

“Dardara” lana egiteko hainbat kide izan ditu bidaide Lameirok. Hala, diseinua Itziar Garciak sinatzen du. Muntaketa, Diana Toucedok. Ekoizpen exekutiboa Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren ardura izan da. Nuria Perezek koordinatu du Miguel Garciaren postprodukzioa eta Alvaro Garcia arduratu da diseinu grafikoaz. Iosu Gonzalezek soinua editatu eta nahastu du. Azkenik, Mikel Santos taldearen zuzenekoen soinuen nahasketak egiteaz arduratu da.

Gauzak egiteko grina

Berri Txarrak Lekunberrin sortu zen 1994an. Ordutik bederatzi disko, bilduma-lan bat eta dokumental bat argitaratuak ditu, bakoitzean jarrera eta garapen geldiezina erakutsiz. Izaera hori akuilu, taldea gauza izan da bi hamarkadetan zehar bere entzuleria zabala ezustean harrapatzeko eta etengabe bide berriak irekitzeko, erosotasun artistikotik ihesi. Mila kontzertutik gorako eskarmentua galtzarbean, nazioartean leku bat egitea lortu du euskara hutsean. Gauzak egiteko «exijitu daitekeen gutxienekoa» pasioa dela aldarrikatu izan dute.