Dabid LAZKANOIITURBURU

Kalera Polizia frantsesaren gehiegikeriei aurre egiteko

Milaka pertsona atera ziren atzo kalera Estatu frantseseko hiri gehienetan Poliziaren gehiegikeriak grabatzea kriminalizatzen duen legearen aurka. Parisen etorkinen bilkura baten aurkako errepresioak eta musika produktore beltz bati emandako jipoiak auzia gori-gorian jarri dute, lege-eztabaida zena krisi politiko bihurtuz. Macron presidenteak dei egin dio Gerald Darmani Barne Ministroari. Jean Castex lehen ministroa ere eztabaidan sartu da buru-belarri.

Paris, Bordele, Lyon, Estrasburgo, Marseilla, Grenoble, Clermont-Ferrand, Caen, Lille, Montpellier… milaka pertsona atera ziren kalera atzo Estatu frantsesean «adierazpen askatasuna eta zuzenbide estatua hausten dituen legearen kontra». Nantesen, adibidez, milaka izan ziren manifestariak.

Legeak, Asanblea Nazionalean jada onartu duena –Senatuan espero da orain eztabaida–, Poliziaren irudiak zabaltzea debekatzen du eta drone eta kameren erabilera kriminalizatzen du.

Ezkerreko alderdiez, sindikatuez eta gizarte zibileko erakundeez gain, kirol eta kultur munduko hainbat pertsona ospetsuk ere egin zuten kalera ateratzeko deia, «ez dugulako onartzen Frantzia Poliziaren indarkeriaren eta adierazpen askatasunaren aurkako herrialde bilakatzea». 2018an eta 2019an matxinatu ziren jaka horiak ere manifestazioetan izan dira.

Noski, Parisen Errepublikaren Plazatik Bastillaraino abiatu zen manifestazioa izan zen jendetsuena. Ekimena kontzentrazio huts bihurtzea nahi izan zuen Didier Lallement prefetak, dei egin zien poliziei «tentuz ibiltzeko eta lerro errepublikarrari eusteko», auzitegi batek, pandemiaren gainetik, manifestazioa baimendu ondoren.

Antolatzaileek salatu zutenez, Poliziaren gehiegikerien inpunitatea bilatzen du legeak eta polizien pribatutasuna eta eskubideak bermatzeko hainbat lege badaudela gogorarazi zuten.

Aste honetan jazo eta bistaratu diren Poliziaren inguruko bi gertakarik auziaren mamia azaleratu dute. Hala, auzia politikarien arteko eztabaidatik atera eta, kalera ez ezik, gobernuaren muineraino ere eraman dute. Astelehenean, zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez, Poliziak gogor hustu zuen Paris erdian egindako etorkinen elkarretaratze bat, kamerak eta smartphone-ak erabiltzen ari ziren kazetarien aurka ere eginez. Egoerak eztanda egin zuen hiru poliziak maskara ez zeraman musika produktore beltz bati izugarrizko jipoia nola ematen zioten erakusten zuten irudiak kaleratu zirenean. Komunikabideek eta hainbat pertsonaia publikok, futbolariak barne, gogor gaitzetsi dute polizien jarrera.

Emmanuel Macron presidente bera, aipatu legea bultzatzen ari dena, «lotsatuta» agertu da irudiak ikustean eta poliziak zigortzeko agindu dio Gerald Darmani Barne ministroari. Jean Castex lehen ministroa ere auzian buru-belarri sartu eta legea «berridazteko agindua izango duen batzordea» sortzea proposatu du. Iragarpenak hautsak harrotu ditu talde parlamentario guztietan, lehen ministroak botere legegilean eskua sartzea onartzerik ez dagoelakoan.

Estatu frantsesean eta atzerrian komunikabideek «segurtasun arloko noraeza» salatu dute. Nazio Batuen Erakundea ere adi da. Europako Parlamenturaino bertaraino iritsi da eztabaida.