Maitane ALDANONDO

ARRAIA ETA MARRAZO URRUNGAILU BATEK IRABAZI DU INNOVATHON BERMEO

Bermeo Tuna World Capital-ek lehenengoz antolatutako ekimenaren helburua sektoreko zenbait erronkari erantzun berritzaileak ematea da. Azaroaren 21-22ko asteburuan gauzatu dute «online», eta ostiralean ezagutarazi dituzte irabazleak. Proiektua gauzatzeko dirua eta laguntza jasoko du lehiaketaren irabazleak.

Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak modu iraunkorrean gordetzea eta erabiltzea NBEn agendak ezarritako garapen iraunkorreko helburuetako bat da. Bermeo Tuna World Capital-ek bat egiten du horrekin, atunaren sektorea industria iraunkor bilakatzeko ahaleginean. Azaroaren 21eko Arrantzaren Munduko Egunarekin bat eginez, 24 orduko hackathon birtual bat antolatu zuen, ildo horri lotutako lau arazorentzat irtenbideak bilatzeko. Irabazleak ostiralean ezagutarazi zituzten, Zoom plataformaren bidez egindako sari banaketan.

Tuna World Capital elkartearen xedeetako bat Bermeoren garapen sozioekonomikoa bultzatzea da, atunaren kudeaketa iraunkorrari lotutako bestelako jarduerak sustatuta. «Kontserberak, atunerak eta balio katea baditugu, gauza berriak nahi ditugu», zehaztu du elkarteko presidente Ignacio Serratsek zergatiaz galdetuta. Horretarako, hackathona –taldean irtenbideak bilatzeko topaketa– antolatu, eta parte hartzera gonbidatu zituzten ekintzaileak, start-upak, ikasleak... «guri bururatzen ez zaizkigun egitasmoak sortuko dituztenak». Guztira, 20 ideia aurkeztu zituzten profil anitzeko 78 partaideek. 18-48 urte artekoak, %55 gizonezkoak eta %45 emakumezkoak, eta askotariko prestaketa dutenak: nutrizionistak, ekonomialariak, ingeniariak... baita jostun-brodatzaile bat ere.

Lau galdera proposatu zizkieten antolatzaileek, taldeka horietako bati erantzuna bila ziezaioten: Nola amaitu atunaren legez kanpoko arrantzarekin? Nola lagundu kontsumitzaileari atunaren jatorriari buruzko informazioa errazago lortzen? Nola murriztu nahi ez diren espezieen harrapatzea? Nola kudeatu eta mugatu arrantza aparailuek sortutako kutsadura? Lanketan, aholkulariak nahiz adituak izan dituzte lagun, baita eskura jarritako webguneak, bibliografiak edota elkarlanerako kanalak ere.

Erronka bakoitzeko onenaren artetik Innovathoneko irabazlea aukeratu zuten. Hirugarrenari erantzun zion Omegabytek izan da txapelduna. Serratsen hitzetan, «denak oso ondo baloratuta daude, eta gutxigatik bada ere, alde txiki bat badu». Nerea Paramo, Asier Delgado, Ines Gonzalez eta Oier Begiristainek osatutako laukoteak arraiak eta marrazoak uxatzeko gailu elektromagnetiko bat diseinatu du. Nahi gabe gehien arrantzatzen diren espezieak dira eta biek, atunek ez bezala, Lorenziniren anpoilak dituzte, eremu elektromagnetikoak atzemateko. Horiek kitzikatu eta urrunaraziko ditu buia batean jarritako gailuak, txandakako polaritateko taupada sekuentzialen bidez.

«Hunkituta eta harrituta», ez zutela aukeratuak izatea espero aitortu zuten taldekideek. Laugarren erronka lantzen aritu ziren, baina ez zuten kontuan izan egungo teknologia hobetu behar zutela, ez zerbait berria sortu. Galdera aldatu, eta elektrizitate edo magnetismo bidez marrazoak uxatzeko surflariek janzten dituzten eskumuturrekoetatik abiatuta atondu dute proposamena. Hala ere, garapen eta ikerketa asko egiteko dutela onartu zuten. Enpresa arloan laguntzeko, berriz, 10.000 euro, 70 aholkularitza ordu, eta Behargintzak utzitako bulego bat izango dituztela jakinarazi zien Maitane Leizaola Bermeoko Udaleko zinegotziak.

Antolatzaileak pozik daude izandako erantzunarekin eta errepikatuko dutela uste dute, nahiz eta ez maiztasun finkoarekin. Ekimenaren prestaketan lankide izan ditu Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bermeoko Udala, Itsas Garapen Elkartea, Urdaibaiko Biosfera Erreserba eta AZTI.