Surflari ernegatua

Bultzatzaileak

Ez dakit nork esan zuen makina batek norbaiten lana ordezka badezake pertsona horrek egiten duena ez dela egiteko oso zaila. Ez dakit beti horrela den, baina kasu batzuetan egia da. Surf monitore izan nahi zuten gazteei irakasten nien gauzetako bat zen ikasleari beharrezkoa denean soilik bultza egin behar zaiola. Alferrik izan zen, gehienek surf monitore baino «bultzatzaile profesional» izaten amaitu baitute. Pena da; haietako batzuek irakasle onak izateko talentua zuten, baina beren eskola propioa ireki beharrean beste batzuentzat lan egitea erabaki zuten, eta halakoetan nagusiak agintzen du.

Duela zenbait urtera arte aparretan soilik ikus zitezkeen «bultzatzaileak», baina orain urautsira ere hurbiltzen dira. Guztiek profil bera dute. Guztiak dira aita, guztiak surflari frustratuak, eta guztiek pentsatzen dute beren semea gai dela beraiek egin ez zutena egiteko.

Genetikagatik bada, jada haur horiek guztiak baldintzatuta daude, baina are eta baldintzatuago daude jasotzen ari diren heziketagatik. Olatu handiak hartzera eramaten dituzte, gainontzeko surflarioi oihu egiten digute beren semetxoa olatuan doala ohartarazteko. Taularen atzealdetik bultzatu, eta haurrak, olatuaren gainaldean denean, olatua uzten du. Olatua bakar-bakarrik joaten da, eta inguruko surflari guztiok elkarri begiratzen diogu, aspertu aurpegiekin. Haurrak ez du errurik; nahi ez zuen olatu batean jarri dute. Nahikoa egiten du urautsian egotearekin. Baina aita horrek ez du barkamenik.

Beren haurrek gainontzekook baino eskubide gehiago dituztela uste dute. Zaharrei bezala, haurrei ere tratu berezia eman behar zaielako baliatzen dira ustezko lehentasunaz, baina errespetua nori zor zaio, haurrari edo aitari? Horrelako jarrerekin surfaren bi ikasgai nagusiak saihesten dituzte. Bata, azkenean, beti bakarrik gaudela. Olatu batek azpian hartzen zaituenean, ez du axola nor zaren, ezta norekin zauden ere, berriz gainazalera atera arte inork ezin dizu lagundu. Eta bestea, lagunekin surf egitea baino gauza hoberik ez dagoela.

Bi aukera daude. Edo aita-semeak helduen multzoan txertatzen dira helduen arauekin, edo haur artean nahasten dira haurren arau eta ohiturekin. Haur bat helduen artera ekartzen dutenean mailaz jaitsarazten dute. Aldiz, gu, helduok, mailaz igo eta haurren mailan jartzen saiatzen bagara, haiei jarraitzeko gai ez garela ohartuko gara. Beraz, irakurleen artean halako aitaren bat bada, mesedez, utz iezaiezue zuen haurrei surf lasai egiten, surflari gisa beren bidea egin dezaten.