Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Eta lehen surflariak Rapa Nuiko biztanleak balira?

Historialari batzuen ustez, Hawaiin, Polinesian eta Perun baino lehenago surf egiten zen Rapa Nui uhartean, baina ziurtatzerik ez dagoela aitortzen dute. Edonola ere, uharte honen surfari loturiko historia liluragarria da; dortoken eredua oinarri hartuta hasi ziren olatuak hartzen, «kaka-honu» kirola egiten.

Egun, Txileko Gobernuaren mende dago, eta Pazko uhartea izena du, baina antzina uharte polinesiarra zen eta hortik datorkio Rapa Nui izena, tahitieraz “uharte handia” esan nahi duena. Bertan 90eko hamarkadatik surf egiten dela diote surf aldizkariek, baina ordurako olatuak hartzen mendeak zeramatzaten Ozeano Barearen erdian dagoen uharte bakandu honetako biztanleek.

Rapa Nui famatua da, duela 500 urte bertako biztanleek itsasoari begira eraiki zituzten estatua erraldoiengatik, eta azken bi hamarkadetan mundu osoko surflariak ere hartzen ditu. Aldiz, bere egiazko surf historia ez da batere ezaguna.

Dortokei antzezten

Rapa Nuin surfaren historia duela zenbait mende hasten da. Bertako kondairek diote Pea izeneko arrantzale batek dortoka bat ikusi zuela olatuaren gandorrean lehorreratzen. Hurrengo egunetan ehunka dortoka iritsi ziren uhartera eta guztiak olatuen energiaz baliatzen ziren azken metroak horien gainean egin eta lehorreratzeko. Gero, hondartzan gora igo eta harea zurian arrautzak ipintzen zituzten. Haiei begira otu zitzaion Peari bera ere olatuen energiaz balia zitekeela.

Horrela saiatu zen surf egiten lehen aldiz eta hortik sortu zen bertakoek haka-honu deitu zutena; alegia, «dortoka bilakatzea». Rapa Nuiko biztanleen artean azkar hedatu zen kirol berria eta bertako abesti zein poesietan sarri erabiltzen zuten “haka-honu!” leloa. Historialari batzuen iritziz, hura izan zen munduko lehen surf esperientzia, Hawaii, Peru edo Polinesiakoen aurretikoa, baina ziurtatzerik ez dagoela ere aitortzen dute ikertzaileek.

Hasieran, igeri eginez hartzen zituzten olatuak, baina gerora hagin forma zuten ihi makilez osatutako ontzitxoak erabiltzen hasi ziren, Perun erabiltzen zituztenen oso antzekoak. Une batean, “haka-nini” deitu zuten kirola ere asmatu omen zuten. Hots, taula zapal batean etzanda aparrak hartzen zituzten.

Olatu artean hainbeste urte egin arren, XX. mendean oraindik ez zekiten munduko hainbat lekutan olatuak hartzeko nolako taulak erabiltzen zituzten. Aldiz, 60ko hamarkadaren erdialdera, Kia Pakarati arrantzaleak ur azalean flotatzen taula bat aurkitu zuenean segituan asmatu zuen taula hura zertarako erabiltzen zen.

Udako arratsalde batean topatu zuen taularen istorioa kontatu zion geroago arrantzaleak Max Millis idazleari: «Urrun ikusi nuen flotatzen, eta geroago taula ikusi nuen haitzetan; luzea eta zapala zen. Labarra jaitsi, taula hartu eta etxera eraman nuen». Hurrengo hilabeteetan bere sendiko kideekin partekatu zuen olatu artean ibiltzeko, taula erabat birrindu zen arte.

Batzuen ustez, surf taula hura ekaitz baten erdian ontzi batetik erori ostean iritsi zen Rapa Nuira, baina bertako biztanleek jainkoen oparia izan zela uste zuten.

Surfaren zabalkundea Rapa Nuin

Sasoi hartan Bey Morgan surflari eta urpekaria Ozeano Barea zeharkatzen ari zen eta Rapa Nuin izan zen. AEBetara itzuli zenean Malibun bezalako olatuak ikusi zituela idatzi zuen. Hamarkada bat geroago, 1972. urtean, Txileko urpekariak ere Rapa Nui uharteko uretan izan ziren. Luis Tello, Icha Tapia eta Claudio Castro ere surf zaleak ziren, gainera, baina ez zuten taularik eraman eta ezin izan zuten surf egin.

Aitzitik, bederatzi urte geroago itzuli ziren surf taulekin urpekari txiletarrak, Erik Aeder argazkilariarekin. Bidaia haren nondik norakoak “Surfer” aldizkariak argitaratu zituen. Moai estatua baten aitzinean Icha Tapia eskuin olatu indartsu bat jaisten agertzen zen argazkiak itzelezko eragina izan zuen munduko surf komunitatean eta Rapa Nui surf bidaietarako helmuga bilakatu zen.

Carlos Lara izeneko surflari batek surf egiteko material anitz eraman zuen Rapa Nuira 1987. urtean eta bertako biztanleak surf taulak eta ur jantziak erabiltzen hasi ziren. 1990. urtean uharteko lehen surf txapelketa egin zen. Halabeharrez, Pichi Pakarat izan zen irabazlea, surf taula flotatzen aurkitu zuen Kio arrantzalearen iloba.

Laird Hamilton eta Brock Litle surflari hawaiiarrak 1994. urtean iritsi ziren Rapa Nuira eta bertan hartutako irudiekin “Expedition Earth” dokumentala egin zuten.

Gaur egun Rapa Nuira joaten den edonork eskura ditu surf egiteko taulak eta ur jantziak, eta surf ikastaroak ere eskaintzen ditu Mai Teaok, bertako surflari mitikoak, Pearen hondartzan; alegia, dortokek lehorreratzeko azken olatuan surf egiten zuten leku berean.