Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
JOPUNTUA

Etorkizuna deskolonizatu

Politikariek hurrengo legegintzalditik harago ikusten ez dutenean, etorkizuneko belaunaldien eskubideak ez dituzte zaintzen. Roman Krznaric-en “The Good Ancestor” azken liburuan irakurritakoa da. Nola pentsatu epe luzera, epe laburreko mundu batean? Bistan da oraindik jaio ez direnek ezin dutela botorik eman, oraindik. Baina horrek ez du esan nahi kontuan hartu behar ez ditugunik. Kortoplazismo patologikoan oinarritutako aro digitalean, gure ondorengoei gero eta begirune gutxiago ematen ari gara. Epe motzeko begirada hau izatearen arrazoiak ez dira gutxi: algoritmoek bultzatutako kontsumo-kulturaren hazkundea, hurrengo gizaldiko egiturazko arazoetan baino etzidamu gertatuko den kezka politikoan arreta jartzea, kapitalismo espekulatiboaren irabazien abiadura eta hazkunde ekonomikoaren etengabeko grina. Gure buruhauste handiena, orain, Gabonetako ospakizunez gain, txertoa iristean fidagarria izango den ala ez jakitea da. Duela 65 urte, Jonas Salk birologoak lortu zuen azkenean. Berak eta bere taldeak txerto funtzional bat garatu zuten polioaren birus suntsitzailearentzat. Ez zuten patenterik eskatu. Salkek garbi zuen, hurrengo belaunaldientzako zerbait utzi nahi zuen. Uneko konponbidea eta geroko legatua. Biak bateragarri, osagarri eta txalogarri. Covid-19 izurriari aurre egin eta, gero, arnasa sakon hartuta, egiturazko ondorioei erantzuteak ez du ezertarako balio. Biak batera egiteak, bai, ordea. Britainia Handia, XVIII. eta XIX. mendeen artean Australia kolonizatu zuenean, terra nullius (inoren lurraldea) izeneko lege-doktrinan oinarritu zen bere konkista justifikatzeko eta komunitate indigenak lurraldearen gainean inolako erreklamorik izango ez balu bezala tratatzeko. Gure jarrera gaur egun terra nullius horren antzekoa da. Etorkizuna biztanlerik ez duen eta erreklamatu gabeko lurralde hori da. Inperiotik urrun dauden lurraldeak bezala, hor dago gu inperioaz jabetzeko. Hurrengo iraultza, feminista izateaz bat, demokratikoa izango bada, etorkizuneko belaunaldiak ahaldundu eta etorkizuna deskolonizatuko duena izan beharko da.