Iker BIZKARGUENAGA
BILBO

Gabonei begira hartuko diren neurriak gaur jorratuko dituzte EAEko agintariek

Egoerak hobera egiten jarraitzen duen bitartean, Gabonak, eta oro har, abenduko jaiegunak izango dira aste honetan hizpide. LABIren Aholku Batzordeak gaur jorratuko du gai hau.

Iragan larunbatean 578 koronabirus kasu berri atzeman ziren Hego Euskal Herrian, zenbakirik txikiena urriaren lehen astetik, eta Nafarroan zenbatutako 66 positiboak azken hiru hilabeteetako daturik onena dira. Pandemiaren bilakaerak hobera egiten jarraitzen du, beraz, eta orain ikusteko dagoena da hala jarraituko ote duen abenduan.

Izan ere, bihar hasiko dugun hilabetea berezia da, Gabonak eta urte bukaerako jaiak izango ditugulako, eta, lehenago ere, hurrengo astean bertan, zubi luzea datorrelako. Hala, jende pilaketak ekiditea birusari aurre egiteko era eraginkorrena izanik, argi dago testuingurua ez dela horretarako onena izango.

Ildo horretan, aste honetan jakingo dugu, zehazki, zein erabaki hartuko dituzten administrazioek covid-19aren hedapena eragotzi eta azken asteetako hobekuntza bat-batean ez eteteko.

Salvador Illa Osasun ministro espainolak zuzentzen duen Lurralde arteko Kontseiluak etzi dauka hitzordua, eta, besteak beste, Gabonei begira erabaki bateratua hartzea izango du helburu, baina litekeena da gaur bertan EAEn indarrean izango diren neurriak erabakitzea.

Izan ere, EAEko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeak bilera egingo du gaur arratsaldean, egoera epidemiologikoa aztertzeko eta Gabonetako neurriak finkatzeko.

Lakuako Gobernuak bat egiten du Osasun Ministerioak gai honen inguruan aurreko astean zabaldutako proposamenarekin, zeinaren arabera orain arteko murrizketa gehienek indarrean jarraituko duten. Horrela, aste horietako bazkari eta afarietan ezingo dira sei pertsona baino gehiago bildu, eta mugikortasuna ere oso mugatua egongo da, nahiz eta balitekeen Gabon gauean eta Urtezahar gauean etxera itzultzeko ordua goizeko 1.30era arte luzatzea.

Bizkaia, Araba baino hobeto

Esan bezala, laster jakingo dugu zein den behin betiko proposamena, baina, ñabardurak ñabardura, bai Lakuako bai Iruñeko gobernuek adierazi dute asmoa datozen asteetan murrizketak mantentzea dela, eta argi utzi dute aurtengo Eguberrietako jaiak ez direla ohikoak izango.

Udan gertatu ez bezala, oraingoan zuhurtziaz jokatzen ari dira agintariak; batez ere, bigarren olatuaren indarra apaltzen ari den arren, oraindik datuak ez direlako lasaitzeko modukoak.

Alde horretatik, EAE 500 kasuko intzidentzia metatuak adierazten duen eremu gorritik atera zen atzo, baina Gipuzkoak oso altu jarraitzen du, 643,61eko intzidentziarekin, eta Araba eta Bizkaia, mugarri hori pasatu duten arren, 400 kasu baino gehiagorekin daude: 419,09 eta 411,57, hurrenez hurren. Bizkaia Araba baino hobeto dago, urriaren 17tik lehenengo aldiz.

Nafarroan egoera hobea da, intzidentzia 270,45ean baitauka, eta tabernetako terrazak irekitzeko baimena dute. Gabonei begira, iragan astean iragarritakoaren arabera, 10 lagunen arteko bilerak baimen ditzake, baina oraindik ez du erabakirik hartu.