GARA
TEHERAN

Iran haserrearazi du nazioarteak atentatua epelkeriaz gaitzesteak

Bere programa nuklearreko zientzialari buruaren hilketa dela-eta nazioarteak agertu duen jarrera epelak ez du inola ere ase Irango Gobernua, eta epelkeria hori salatu du hainbat hizkuntzatan. Iranek Ekialde Hurbilean dituen kideez gain, Turkia eta Qatarrek baino ez dute irmo gaitzetsi Mossaden sinadura duen erasoa. Joe Biden AEBetako presidentea ere mutu geratu da, mesede baino kalte gehiago egiten dion zalantzarekin.

Irango Kanpo Arazoetarako ministro Mohamad Yavad Zarifek nazioarteko komunitateari dei egin dio Mohsen Fajrizadeh zientzialari nuklearraren hilketa irmo salatu dezan, eta «lotsagarritzat» jo du oro har egoera apaltzeko deia baino egin ez izana.

Fajrizadeh, Mendebaldearen eta Israelen ustez Irango programa nuklearraren burua, segada batean hil zen ostiralean Teheranetik gertu.

Irango diplomazia buruak, hainbat hizkuntzatan argitu du Twitterren mezua: ohiko duen hizkuntzan, alegia, ingelesez, baina baita errusieraz, txineraz eta alemanez ere.

Turkia eta Qatar

Nazio Batuen eta Europar Batasunaren eta bere kideen erreakzioek ez dute Iran ase, «lotsagarria delako batzuek terrorismoa ez gaitzestea, erasoa bere DNAn terrorismoa duen erregimen batek [Israelek] egin duelako», salatu du Zarifek. Harrigarriena, ordea, bere kide diren Errusiari eta Txinari ere mezu hori bidali izana da.

Libanoko Hezbullah taldeaz eta Hamas palestinarraz gain, Turkia eta Qatar izan dira atentatua gogor salatu duten herrialde bakarrak, Siria ahaztu gabe, noski. Israelek, ohikoa denez, ez du txintik esan, baina alerta gorrian jarri ditu bere enbaxada guztiak, mendekuaren beldur.

Donald Trumpek, oraingoz AEBetako presidente denak, ere ez du adierazpenik egin. Hori bai, atentatuari buruzko artikuluak txiokatu ditu.

Washingtonek Errusiako eta Txinako lau enpresari zigor ekonomikoak ezarri zizkien erasoaren egun berean, Irango programa nuklearra bultzatzea egotzita.

Isilik eta, ziur asko, kezkatuta dagoena presidentetzarako hauteskundeen garaile Joe Biden da. Aditu gehienak bat datoz erasoaren helburua haren diplomazia baldintzatzea dela. Bada, ordea, horrelako erasoek akordio bat negoziatzeko orduan AEBen Administrazio berriaren posizioa indartu dezaketela uste duenik. Negoziatu bai, baina norekin? Sutan dauden Irango sektore printzipalistekin?