Xalton ZABALA
Zazpi Iturri klubeko entrenatzailea

Jokin, perfekto ez; Erik, bikain

Erikek txapel hau merezita irabazi du. Berari dagokionez, finaleko partida oso ona egin duela iruditu zait. Jokinen aldetik, berriz, besteetan ez bezala, perfekzio falta izan du: dejadak eta botatzerakoan aurkaria non zen begiratu gabe, fede falta bezala... Geroko memento askotan ere, altuera bilatu ezinik aritu da, eta ohi baino pattalxeago ikusi dut Jokin, bai.

Hasieran esan bezala, Erik oro har final osoan zehar oso ongi aritu den arren, esango nuke une batzuetan Eriken beraren hutsegiteei esker eutsi diola Jokinek, berak ezer askorik egin gabe. Adibidez, 21-14 jarri eta berak lauzpabost tanto sakez asmatu dituelako 20ra iritsi da. Hala ere, Erikek merezita irabazi diola uste dut.

Zazpi Iturriko entrenamendu horietan askotan ikusi izan genituen bi pilotarion arteko partidak, eta orduko haietan Erik Jokin baino gehixeago zela ematen zuela ikusten genuen. Ez dakit, baina badirudi buruz buruko final handi honetan Jokini horixe bera etorri zaiola burura: bestea bera baino gehixeago ez ote den. Baliteke ere buruz nekatuta aritu izana Jokin edo… ez dakit, ohi baino perfekzio gutxixeagorekin ikusi dut final honetan.

Hala ere, niri dagokidanez, Zazpi Iturri klubera etorri da txapela, eta baita trofeo biak eta txapeldunordea ere! Azken batean, ni neu txapeldun!