Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Sevillan bilatuko ditu Eibarrek Ipuruan ihes egiten dioten puntuak

Sevillan ospatu zuen Eibarrek denboraldiko bigarren eta azken garaipena. Ordutik bost aste igaro direnean, Andaluziako hiriburura itzuliko da helburu berberaren bila. Antzeko egoeran; izan ere, Ipuruan ihes egiten dioten puntuak kanpoan lortzera behartuta jarraitzen du talde armaginak, baina oraingoan oso bestelako aurkari baten kontra bilatuko ditu.

Eibarrek bezala, Betisek kezkaz begiratzen du beherantz, jaitsiera postuak nahi lukeen baino gertuago dauzkalako eta bere ibilbidea ikusita zaila delako baikorra izatea. Aurkari gogorren kontra, baina azken bost jardunaldietan lau porrot jaso ditu talde zuri-berdeak.

Ildo horretan, gipuzkoarren egoera ez da askoz hobea, garaipen bakarra eskuratu baitute tarte horretan. Baina Getaferen aurka egindakoak pozik utzi zuen Jose Luis Mendilibar; batez ere, eraso-jokoari dagokionez, eta gogotsu doa Sevillara. Albiste txarra bajen zerrendan dago, luzea berriro ere, Cotez gain, Paulo lesionatuta eta Kike zigortuta geratu behar izan baitira etxean.