GARA
GASTEIZ

Ahanzturan geratuko ez diren bi garraiolariren heriotzak

Zazpi eguneko tartean bi garraiolari hil ziren Araban azaroan. Gehiengo sindikalaren ustez, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira.

Azaroaren 25ean garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko parking batean; ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. Azaroaren 18an, berriz, beste garraiolari bat topatu zuten hilik kabinan Araiako zerbitzu eremuan. Arrazoi horregatik, Gasteizen atzo egin zen mobilizazioan, «garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik», esan zuen euskal gehiengo sindikalak. «Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo autonomo faltsuak baitira eta, gainera, horien lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen», gaineratu zuten.