Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA
Elkarrizketa
IDOIA FERNANDEZ
HEZKUNTZA PLAZARA EKIMENEKO KIDEA

«Duela 30 urteko hezkuntza sistema dugu, baina 30 urte beranduago»

Abenduaren 1 honetan, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako irakasle, guraso, langile, aisialdiko begirale... plazara aterako dira hezkuntza komunitatearen lana aitortzeko, administrazioaren utzikeria salatzeko eta hezkuntza komunitatea erdigunera eramateko. Hezkuntza Plazara deituriko ekimeneko kide da Idoia Fernandez, Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta ama.

Hezkuntza Plazara, norbanakoen ezinegon eta kezkatik sortutako herri ekimena. Abenduaren 1erako, gaurko, «mobilizazio egun koloretsura» deitu dute, hezkuntza arloan dauden arazo eta gabeziak plazaratzeko. Horien gainean eta ekimen honen helburuei buruz mintzatu da GARA Idoia Fernandezekin, aipaturiko ekimeneko partaidea.

Hezkuntza Plazara du izena ekimen zabal honek. Zergatik?

Nondik sortzen da ekimen hau? Norbanakook sentitzen dugun ezinegona kaleratu behar horretatik. Irakasle, guraso, aisialdiko monitore... moduan denbora luzea daramagu hainbat arazo ikusten. Askotan parkeetan, pasilloetan edo lagunen artean, hitz egiten dugu, baina gero hori ez dugu modu ordenatu batean kaleratzen. Ekimen honekin atomo desberdinak bildu eta antzematen ditugun arazoak plazaratu nahi ditugu.

Zeintzuk dira arazo horiek?

Tokian totiko errealitateak kontuan hartu behar diren arren, nik Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa baliabide falta ikusten dut; azken urteetan murriztuz joan dira. Ikasle kopuru handiak ditugu gela bakoitzeko eta duen aniztasunari erantzun ahal izateko baliabideak gero eta murritzagoak dira. Gure arloa lantzearekin batera, psikologia edo pedagogia lanak egin behar ditugu, horretarako prestakuntza berezirik izan gabe. Lehen Hezkuntzako irakasle gehienak lizentziatuak gara. Aipaturiko arlo horiek espezializatuak diren heinean, horietan adituak diren profesionalak beharko genituzke. Horrekin batera, gela bakoitzeko ikasle kopurua aipatu nahiko nuke. Ratioak jaitsi behar dituzte. 25 pertsonako talde bat izan beharrean 18koa izango banu, askoz denbora gehiago eskaini ahalko nioke ikasle bakoitzari eta, zer esanik ez, behar bereziak dituztenei. Eta guraso naizen heinean, gelak masifikatuta ikusten ditut. Egungo ikasleek ez dute guk genuen profila, askoz bisualagoak dira eta azkarragoak dira. Ez du, beraz, zentzurik lehengo sistema bera erabiltzen jarraitzeak. Duela 30 urteko hezkuntza sistema dugu, 30 urte beranduago. Gure seme-alaben hezkuntza arautuan gabezia asko daude. Aisialdia beti txertatu dugu hezkuntzaren baitan baina, egun, pandemia dela-eta den-dena debekatuta dago. Ezin da kirolik egin, ezin dira elkartu...

Nola eragiten ari zaie haur eta nerabeei eskolaz kanpoko ekintzarik ez egotea?

Urduritasuna eta ezinegona dute. Nik 12-18 urte arteko ikasleak ditut, berez, energiaz beteriko jendea. Urteetan, gurasoei beti aholkatu izan diegu kirola, izerdi egin dezatela frustrazioak, energia aska ditzaten. Nerabetasunak dakarren aldaketa hori kudeatzeko beharrezkoa da izerdi egitea. Orain ezin dute hori egin; ezin dute taldeka korrika egin, entrenatu, musika talde batean entseatu. Ondorioz, frustrazio horiek barruan gelditzen dira eta hori bai etxean, baita ikastetxean ere, liskarrak eragiten ari da. Orain arte esaten genien gauza guztien kontrakoa egiteko esaten ari gatzaizkie orain. Haur edo Lehen Hezkuntzan daudenen kasuan, adibidez, jostailuak partekatzeko, lagunarekin panpinarekin jolasteko esaten genien, eta, bat-batean, ‘ez utzi kamioia’, ‘zu bakarrik izkina batean’, ikasleak banan-banan... Metodologian eman diren aurrerapausoak –taldeka eta kooperatiboki lan egitea, batak besteari azalpenak eman– pikutara joan zaizkigu; klase magistraletara bideratu gaituzte ia-ia. Osasun fisikoa zaintzen ari gara, baina guztiz alboratu dugu osasun mentala. Osasun fisikoa mentalaren kontra. Lehenengoari eman diogu lehentasuna, baina ez gara torlojuak egiten ari. Ez dugu jakin pandemia honi erantzuten.

Curriculumak oraindik ere pisu handia du eta ez dira erabat egokitu gaur egunera.

Curriculumak baino, metodologia esango nuke nik. Helmuga beti selektibitateko azterketa da. Azterketa bat eta horren arabera egiten da beste guztia. Alferrik gabiltza ikastetxe batean edo bestean metodologia aldatzen, amaierako helmugak azterketa bat izaten jarraitzen badu. Hausnarketa oso bat egin beharko litzateke, eta hori da ekimen honen beste kezketariko bat. Zer da hezkuntza sistema? Zein helburu izan beharko luke? Nora eramaten gaitu? Hezkuntza arautuak zeri erantzun beharko lioke? 18 urte dituztenean azterketa bat egiteari edo fundamentuzko pertsonak sortzeari? Koronabirusak galdera horiei guztiei erantzuteko beharra areagotu du. Hezkuntza Plazara aterki horren azpian gauza asko dago. Ez du jada martxan dagoen ezer ordezkatu nahi, baizik eta norbanako eta hezkuntza komunitateko kide gisa zein arazo ikusten ditugun hausnartu, horien gainean kontzientzia hartu eta besteekin partekatu.

Nola baloratzen duzu jasotako atxikimendu zerrenda luzea?

Positiboki. 53 kolektiboren, 446 norbanakoen eta 9 eragileren atxikimendua jaso dugu momentuz. Egia da Euskal Herrian antolatzeko prestasuna izan dugula beti eta hori nabarmena da hezkuntza arloan. Herrialde eta komunitate desberdinetako pertsonak bildu gara ekimen honetan. Nik ikastetxe publiko batean lan egiten dut eta nire lagun min batek ikastola batean, eta biak atxikiko gara. Berdin du nondik gerturatzen zaren.

Eta abenduaren 1aren ostean?

Ezin dugu abenduaren 1a helburu gisa ikusi, baizik eta mugarri gisa. Bakoitzaren erritmoak errespetatu behar ditugu. Pixkanaka, kezkak eta arazoak plazaratzea da helburua.