GARA
addis abeba

Etiopiako Gobernuak Tigrayn garaipena aldarrikatu arren, gatazka ez da amaitu

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak Tigrayko indar matxinoen aurkako garaipena aldarrikatu zuen atzo berriz Parlamentuan. «AEBek izan zuten gerra zibilaren antzeko gatazkari aurre egin behar diogu», esan zuen Ahmedek, Tigray Askatzeko Herri Fronteak «ordena konstituzionala apurtu duelako».

Gobernuak Mekele Tigrayko hiriburuaren «kontrol osoa» duela adierazi zuen Abiyk joan den larunbatean. Lehen ministroaren arabera, Fronteko buruek ihes egin zuten eta 60 kilometrora dagoen eskualdean babestu dira. «Hobe dute errenditzea, haien eguneroko mugimenduak behatzen ditugulako. Ez dute amore eman nahi eta eskualdea ezegonkortzen jarraitzen dute», gaineratu zuen.

Gobernu federalak Mekele hartu zuela iragarri ondoren, Tigray TV telebistak adierazi zuen indar matxinoek hegazkin militar bat behera bota eta pilotua harrapatu zutela, gatazka ez dagoela bukatua baieztatuz. William Davinson International Crisis Group-eko (ICG) adituak azaldu zuenez, Tigrayko buruek oraindik borrokan jarraitzeko asmoa dute, baina ez gerra ireki batean. Gainera, ez dago garbi zein den Tigrayko indarren egoera azken gatazken ondoren, ezta zein den herritarren erantzuna Addis Abebatik jarritako behin-behineko Gobernuari. Komunikazio guztiak moztuta daude eta Gobernuak ez du baimendu kazetariak Tigrayn sartzea. Hala ere, ziurra da egoera humanitarioa oso larria dela eta ospitaleak baliabiderik gabe geratzen ari direla.