Josu Imanol Unanue Astoreka
KOLABORAZIOA

Gogoratzen ez dena ez da esistitzen!

Dei bat izan dut orain dela gutxi. Dei horretan, jakin dudanez, nire aspaldiko lagun bat hil da, bakardadean eta inor barik. Arraroa egin zait, baina berehala galdetu dut zergatik eta nola hil den. Eta erantzuna di-da batean iritsi da, entzutea espero ez nuena... «Zu be holakoekin zatoz?».

Harritzen nau, 35 urte geroago «normala» bihurtu naizelako, normala eta sentimendu bakoa agian, gehienen moduan, orain beste batzuk direlako nire arazoak. Beharra, eguneroko arazoei irteera bilatzea, zer jan jakitea, irakurri... katuak jagon edota jakin zelako eguna egingo duen... baina gaueko hamarretako pilularen erritualak bueltatzen nau nire errealitate gordinenera.

Errituak ere ez dauka hasieran izaten zuen garrantzia, ohikoa delako. Pilula eskuan hartu eta ur-zurrutada batekin irenstea. Oso erraza da! Erritu honen gabezia, hilero Basurtura joan beharra pilula berri bila, agian.

Bai! Normala bihurtu naiz eta musuko babeslea ipintzea da orain nire erritu berria. Badirudi “pandemia” berri baten aurrean gaudela eta mundua popaz gora jarri dela, izututa gaude, beldurtuta, haserre... arau berriak barneratu ezinean, baina gure pandemiak ere izan zituen holakoak, urteetan ezin onartu badagoela eta denbora galtze asko, ganorabako eztabaidetan; prebentzio neurriak zertarako, ez da egia esango, manipulatzen gaituzte, gutxi batzuek daukate...

Eta bitxia bada ere, hiesaren hasierako urteetan bezala, gutxi dakigu covid-19a inork daukan edota zoritxarrez horrekin hil den. Berriro ezjakintasuna. Ezezagunak bakarrik hiltzen direnez, antza...

Gaurko deiak bueltatu nau errealitatera. Nire aspaldiko lagun bat hiesarekin hil da, berriro beste bat eta jakindakoan ohartu naiz ni ere aldatu naizela, ni ez naizela aspaldiko Josu Imanol bera...

Biziak irauten du eta iraungo du. Ni ere asko bizitakoa naiz eta horren seinale ile urdinak eta zimur bat edo beste aurpegian. Arin pasa dira urteak eta bizitakoak gogoan izan arren, barruko zorroan sartzen doaz bat bestearen atzean, hildako lagunak, gurasoen falta, itsasontzia hondoratzea, etxea erretzea edo oraindik mingarri zaidan nire senarraren heriotza, bat-bateko agurra... beraz, zer da hiesa uneko mina baino? Zeren bizitzan uneek egiten dute denbora eta denbora ezberdinek bizitza osoa.

Deiak ukitu nau, bat-batean bueltatu nau errealitatera eta hasi naiz lazo gorri eta izara bila, abenduaren 1ean balkoian jartzeko, Bermeon egun horretan horrela apainduta egoten den balkoi bakarra, aspaldi ehunka edo milaka ginenean elkartasuna adierazten... hemen ere aldatuz doaz!

78.000.000 lagunek merezi dute haietaz ez ahaztea, hildako 33.000.000 pertsona izan beharko genituzke lagun eta gogoan, iaz hildako ia 700.000 lagunek merezi dute keinua... agian asko eskatzea da. Ni, gaurko dei horri esker, nire errealitatearen jabe egingo naiz eta pandemia batetik bestera pasata, gogoan izango ditut hainbeste gura eta maite izan ditudan nire burkideak.

Abenduaren 1a, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Borroka Eguna da. Musu handi bat, Lulu, Jon, Pipo, Jontxu, Ane, Markesa, Blanka, Isabel, Zuriñe, Gotzon... baita nire senarrari ere.