GARA
DONOSTIA

LABek eta ELAk bi greba egun antolatu dituzte Gipuzkoako egoitzetan

LABek eta ELAk bi greba egun berri iragarri zituzten atzo, bakoitzak bere aldetik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan; bi kasuetan, abenduaren 10erako eta 11rako. Bi sindikatuetako arduradunek prentsaurreko bana eskaini zuten Donostian, eta deialdi horiek aurkeztu zituzten, herrialdeko hitzarmen kolektibo berri bat eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatzeko, hain zuzen.

LABen ustez, sektore honek aspalditik duen lan gatazkak «gizarte osoari» eragiten dio, baina «erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta horien senideena dela soilik». Koronabirusaren krisiak «modu basatian agerian utzi ditu adinekoen egoitzetako gabeziak, ez baitira berriak», adierazi zuen, eta langileek zentro horietan bizi duten «prekaritatea» salatu zuen bereziki.

«Askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langile kopurua zehazten duen katalogoa egungo egoerara egokitzea», gaineratu zuen.

«Egoera jasanezina» dela azpimarratu ondoren, LABek esan zuen «zerbitzuaren pribatizazioan oinarrituta» dagoen egungo «sistema errotik aldatzea» beharrezkoa dela.

Hamar urteren ondoren

Bestalde, ELAk gogorarazi zuen egoitzetako langileek hamar urte baino gehiago daramatzatela hitzarmena «blokeatuta» dutela, eta Gipuzkoan beste sektore batzuetan sinatzen ari direla. Deialdi berri honekin, ELAn afiliatuta dauden langileek 246 lanuzte egun metatuko dituzte. Sindikatuak patronalei eta Aldundiari egozten die egoeraren ardura.

Gainera, covid-19aren pandemiarekin lotutako egungo egoera «oso gogorra» dela esan zuen, lehen olatuan baino egoitza gehiagok izan baitituzte kutsatzeak. Eta langileak, nahiz eta «gizarteko herritar zaurgarrienentzako» zaintza zerbitzua aurrera ateratzen ari diren, «abandonatuta» sentitzen dira.