Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Neguko denboraldian «overbooking»-a izango ote da K2 mendian?

Guztiz harrigarria da, baina hamalau zortzimilakoetatik neguko igoerarik ez duen bakarrak, K2 mendiak (8.611 m), lau espedizio jasoko ditu aurten. Urte askoan egon da bisitarik gabe, baina azken urteotan neguko jardun horietan aldaketa handiak izan dira; batez ere, kontzeptualki eta ekonomikoki.

K2 edo Chogori-ri dagokionez, lasai asko esan genezake egun ez dela poloniarren “mendia”. Horiek izan dira saio gehien egin dituztenak, baina gero eta alpinista gehiagok egiten dute zortzimilako horren aldeko apustua. Eta, bestetik, mendiko agentziek indar handia hartu dutenetik, esan daiteke ia “edonor” joan daitekeela erraldoi horietara. Tartean, K2-ra.

Igotzeke dagoen azkena denez, uler daiteke K2 alpinista askoren helburu izatea. Seven Summit Treks agentziak zein John Snorrik lideratuko dituzten espedizioak lehenak izan ziren asmo horien berri ematen.

Agentzia horrek antolatutakoa espedizio komertziala da, eta, dakigunez, ia 50 kidez osatuta dago. Zur eta lur uzten duen kopurua! Islandiarrarena, berriz, oso txikia da. Hiru alpinista jardungo dira: Ali Sapdara eta haren seme Sajid pakistandarrak eta Snorri bera.

Baina aipatu ditugun bi espedizio horiei beste bi gehitu zaizkie. Biak ala biak, gainera, talde nepaldarrak dira. Lehenaren buru Mingma Gyalje Xerpa izango da. Eta bigarrena Nirmal Purjak zuzenduko du.

Seven Summit Treks agentziaren lantalde osoaren kopuruari azken bi espedizio horien ordezkariak gehitzen badizkiogu, negua izan ordez, badirudi udan edo ohiko denboraldi baten aurrean gaudela. 60 alpinista inguru K2 mendia neguan saiatzea erabat ezohikoa da.

Alpinista indartsuak

Mingma Gyalje Xerpa Imagine Nepal agentziaren nagusia bada ere, talde horrek ez du bezerorik izango. Autonomoa izango da; izan ere, ez du garaieran lan egiten duten alpinisten laguntzarik izango. Haren alboan jardungo dutenak Dawa Tenzing Xerpa eta Kilu Pemba Xerpa dira.

«Guretzat benetako negua abenduaren lehenean hasten da, eta otsailaren 28an bukatu. Beraz, egutegi astronomikoaren alde egiten dugu. Bestalde, erakutsi nahi dugu alpinista nepaldarrak ere gai garela zortzimilako bat neguan igotzeko», dio Mingmak, ohiko ibilbidearen alde egingo duela azalduz.

Laugarren taldeari dagokionez, izar mediatiko bat izango du buru: Nirmal Purja, 14 zortzimilakoak zazpi hilabetean eskalatu zituen alpinista nepaldarra. Ez du xehetasun handirik eman, baina ohiko kideekin jardungo omen du eta ez du oxigeno artifizialik erabiliko.