GARA
gasteiz

Arcelor-Mittalek aurkeztutako espedientea baliogabetu dute

Auzitegi Nazional espainolak Arcelor-Mittal konpainiak aurkeztutako aldi baterako erregulazio espedientea baliogabetu du, horretarako arrazoirik ez dagoela eta langileek maiatzaren 8aren aurretiko egoerara itzuli behar dutela esanez. Beste espediente bat dela eta, Guggenheimen aurrean ere protesta egin zuten ESCko langileek.

Covid-19aren pandemiak eragindako krisiaren arrasto gordina dira enpresek aurkeztutako aldi baterako erregulazio espedienteak, eta justifikatuta ez daudenean ere aurkezten dituzte, antza. Hori da, hain zuzen, Auzitegi Nazional espainoleko Lan Arloko aretoak Arcelor-Mittali esan diona, honek aurkeztutako espedientea atzera bota duenean.

Enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek multinazionalak espedientea iruzurrez erabili duela salatu zuten eta salaketa aurkeztu zuten. Eta hortik dator aipatu auzitegiak emandako epaia, Arcelor-Mittal-i langileak aurreko egoerara itzul ditzala agintzen diona.

Langileek maiatzaren 8aren aurretiko egoerara itzuli behar dute, eta jasandako kalte guztiak konpondu beharko dituztela adierazi zuen ELAk.

Multinazionalak ez duela enpresa guztiei buruzko informaziorik eman salatzen du epaiak. «Alde batera utzi du etekin gehien ematen duten enpresen informazio ekonomikoa eta hori fede txarraren seinale da auzitegiarentzat», nabarmendu zuen LABek. Gaineratu zuenez, epaiak arrazoia ematen dio, konpainiak ez duelako espedientea arrazoitzen duen arrazoi berririk eman, eta «enpresari gogorarazi dio hamaika urte daramatzala» espedienteok erabiltzen.

Arcelor-Mittal konpainiak, berriz, Auzitegi Gorenera joko duela iragarri du.

«Xantaia» salaketa

Aldi baterako erregulaziorako beste espediente bat modu ezegokian erabili nahi izatea salatu zuten LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek Bilboko Guggenheim museoaren aurrean egindako elkarretaratzean. Diotenez, enpresak «xantaia» egin nahi die: zortzi hilabeterako espedienterako aurreakordioa sinatzea, lan baldintzen funtsezko aldaketa baliogabetzearen truke.

Museoari zerbitzuak eskaintzen dizkion ESC enpresak azaroaren 20an 27 langileri gutuna bidali ziela azaldu zuten. Antzinatasun handiena dutenak dira eta lan-baldintzen funtsezko aldaketa jakinarazi zien. «Abenduaren 7tik aurrera, Guggenheimeko artelanak zaintzetik Eroskiren supermerkatu batean edukieraren kontrola egitera» pasatuko zirela esan zien. Horrek museoarekin duen klausula espezifikoa urratzen duela diote; hau da, langileak ezin dituztela museotik mugitu, museoari berari atxikitako langileak direlako. Gainera, «orduak berreskuratzera behartu nahi gaitu, enpresak berak gaizki kudeatutako kontu bategatik».

Aernnovak, berriz, iragarritako kaleratzeak aurrera eramateko nahia erakutsi zuen atzo. Berantevillako lantegiko 101 langileri eragingo dien espedientea aurkeztu zion enpresa batzordeari. Alde biek bilera egin zuten atzo eta ez zuten aurrerapenik adostu.

«Neurri bakarra kaleratzeak direla berretsi du enpresak», adierazi zion Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko buruak Efe agentziari. «Ez dugu kaleratzerik onartuko eta enpresak horri uko egiten ez dion bitartean mobilizazioak areagotuko ditugu», gaineratu zuen.

Langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte gaur eta bihar. Aernnovako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak beste bilera bat dute hitzartuta.