GARA
hong kong

Hong Kongeko matxinadaren bozeramaileak, espetxera

Joshua Wong-i, Hong Kongeko matxinadaren bozeramailerik ezagunetakoari, eta beste bi ekintzaile ospetsuri kartzela zigorra ezarri die auzitegi batek, iazko Txinaren aurkako protestetan polizia-etxe bat inguratzeagatik.

West Kowloon-eko Auzitegiak 13 hilabete eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Joshua Wong gazteari, Mendebalde zalea den Hong Kongeko oposizioaren bozeramaile ezagunari.

Agnes Chow eta Ivan Lam ekintzaile ospetsuek ere 10 eta 7 hilabeteko zigor bana bete beharko dute giltzapean.

26 urteko hiru gazteek beren burua erruduntzat jo zuten 2019ko ekainaren 21ean komisaria baten aurrean egindako protesta baten inguruko auzian.

Wong Sze-lai epaileak honakoa ebatzi du: «Akusatuek (Hong Kongeko Poliziaren) kuartel nagusia setiatzera deitu zuten eta Poliziaren aurkako leloak jaurti zituzten. Berehala atxilotzea da aproposena».

«Garai zailak datoz, baina eutsiko diogu», aldarrikatu du Wongek epaiketa-gelatik atera zuten unean.

Ekintzailea 13 urte zituela hasi zen Pekinen aurka borrokatzen eta ez da kartzelara eramango duten lehen aldia.

Lam eta Chow ere ekintzaile beteranoak dira. Hirurek, oraindik nerabe zirela, «abertzaletasun txinatarra» erakusteko irakasgaia eskoletan sartzeko Pekinek egin zuen saiakeraren aurkako borrokan parte hartu zuten 2012an eta lehia irabazi zuten.

Handik bi urtera, lehen lerroan ziren Hong Kongen sufragio unibertsala aldarrikatzen zuen «Aterkien Mugimenduan». Txinak ez zuen amore eman.

Iaz, antzinako kolonia britainiarrak zazpi hilabetez matxinada gogorra bizi izan zuen, kondenatuak Txinara estraditatzea baimentzen zuen lege baten aurka.

Txinak gogor erantzun zion desafioari eta Segurtasun Nazionalaren lege zorrotza inposatu zuen. Ordurako koronabirusaren pandemiak eta atxiloketek –jada 10.000 dira komisarietara eraman dituzten oposizio zaleak– matxinada erabat ahultzea lortua zuten. Lege berriak posible egin du protesten buruzagiak atxilotzea.

Xanpaina eta negar malkoak

Auzitegiaren kanpoaldean Txinaren aldeko dozena erdi pertsona bildu ziren xanpain botilekin zigorra ospatzeko. «Bizi osorako kartzelan sartu!», oihukatzen zuten.

Beste espaloian, eta Polizia gainean zuela, iazko protestetan parte hartu zuen Alexandra Wong, «Grandma Wong» ezizenarekin ezaguna («Amama Wong») erabat etsita agertu da. «Jende guztia atxilotzen ari dira, diputatuak, gazteak, nerabeak, ni bezalako amonak. Karguak ezartzen dizkigute ezer egin gabe, gu isilarazi nahian. Akabo. Protesta mugimendua amaitu da», bukatu zuen, erdi negarrez, amonak.