Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Norvegia faborito Danimarkan jokatuko den Europako Txapelketan

Gaur hasi eta abenduaren 20ra bitartean Danimarkako Herning eta Kolding herrietan jokatuko dira Emakumeen Eskubaloiko Europako Txapelketako neurketa guztiak. Burbuila estiloan jokatuko da lehiaketa −jokalariek hoteletik kiroldegirako bidea zapalduko dute soilik− eta neurketa bakoitzak 500 ikusle jasoko ditu gehienez. Hasiera batean, Norvegian ere jokatu behar zen txapelketa, baina azkenean ez da horrela izango bertako Gobernuak ezarritako neurri zorrotzak betetzeko ezintasunagatik.

Paradoxikoki, Norvegia bera da Europako txapeldunaren garaikurra eskuratzeko faborito nagusia. Nora Mørk alboko jokalariaren itzulerak are gehiago indartzen du norvegiarren nagusitasuna. Bere zortzigarren garaikur kontinentala eskuratzen saiatuko da.

Errusia da beste faborito nagusietako bat –Espainiaren multzoan dago eta bere aurka hasiko du lehiaketa–, nahiz eta baja garrantzitsuak eduki. Herbehereetako selekzioak ere, egungo munduko txapeldunak, podiumera igotzeko aukera asko ditu. 

Espainiak, munduko txapeldunorde izanik, arrakastarako bidea egin dezake Nerea Pena (Team Esbjerc) eta Ainhoa Hernandez (Zuazo) euskaldunekin.