Xole ARAMENDI ALKORTA
DURANGO
55. DURANGOKO AZOKA

Berritu ala hil

Durangoko eta herri mugakideetako biztanleek soilik gozatu ahal izango dute Azokaz, bertatik bertara. Gainontzekoek ordenagailuaren ala sakelakoaren pantailaren bestaldetik. Erosketak ere klik batera ditugu aurten. «TaupaDA!» da aurtengo leloa, Euskal Herrian kulturgintza bizia baita, eta bizirik baitago garai petral eta malkartsuotan ere.

Berritu ala hil. Izurriak ez du beste aukerarik uzten. Aurtengoagatik behintzat ez dugu azken ediziotan izan dugun Azokarik aurkituko Durangon. Aparkaleku bila auto ilarak, Landako gunera sartu eta buru uholdea, aspaldiko lagunak agurtu, txikitatik miretsi dugun idazlearekin bizpahiru esaldi gurutzatu, liburu zein diskoen aurkezpenak ikusi eta entzun, kontzertu osteko parranda... iraganean geratu diren keinu txikiak dira. Normaltasun berrian handi, oso handi, bihurtu diren keinu txikiak.

1965. urtean Durangoko Andra Mariko elizpean bildu ziren kulturzale haiek ez zuten berehalakoan irudikatuko aurtengo Azoka. Ezta guk geuk ere, iaz.

Erakusmahairik gabe, Azoka modu presentzialean –Durangoko eta mugakide diren herrietako kulturzaleentzat– eta sarean gozatzeko aukera eskainiko du Gerediaga elkarteak.

“TaupaDA!”. Horixe aurtengo leloa. Bihotza. Ane Pikazaren kartela. Paisaia grisaren gainean, kolorea. Bulkada, aurtengo edizioari uko egin ez –horixe izan zen Gerediagako kideei bihotzetik atera zitzaien lehen taupada– eta aurrera egitera bultzatu dituena.

Garai bakoitzera egokitzen asmatu izan du Durangoko Azokak lehendik ere –horixe agian arnas luzeko egitasmoa izatearen giltza– eta aurten ere horren saiakera egingo dute Gerediaga elkarteko kideek. Nork daki aurtengo zenbat “esperimentu” bihurtuko diren datozen edizioetan ohitura.

«Urteko fakturazioaren %22 dira Landako guneko salmentak partaideentzat. Aurten inoiz baino garrantzitsuagoak dira diru sarrera horiek». Nerea Mujika Gerediaga elkartearen lehendakariaren hitzak. Errealitate gordina. 

Sortzailetik hasi eta eroslearenganaino doan kulturaren «balio kate osoa» babesteko deia egin du bere aldetik Jose Mari Sorsek, euskal editoreen elkarteko lehendakariak.

Urtero bezala, Ikasle Goizarekin ekingo zaio Azokari eta hainbat tailer antolatu dira sarean Euskal Herriko ikastetxeentzat. Lantegiotan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.

Azokako inaugurazio ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 18.00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gain, “Azokako lehen taupaDA!” izeneko ekitaldian parte hartuko dute Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek (New Yorketik) eta Bagara dantza talde durangarrak.

Landako biltegi bihurtuta

Salerosketa gune ez, disko eta liburu biltegi bihurtuko da Landako egunotan. Bertatik aterako dira Euskal Herriko dozenaka txokotara kulturzaleek sarean (www.durangokoazoka.eus) erositako “saskiak”. Dagoeneko 1.200 baino gehiago dira. 2.300 produktutik gora –horietatik 852 nobedadeak–, klik batera webgunean: 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza).

Guztira, 185 parte hartzaile, diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak eta autoekoizleak. Sareko dendan erosketak egiteko aukera gaurtik abenduaren 8ra arte egongo da. Salmenta horietako bakoitzaren %12 jasoko du Gerediaga elkarteak, kudeaketa lanei aurre egiteko.

Horrez gain, sormen eta kultur ekitaldien erakustoki izango da Landako gunea. Azokan egon ohi diren gune guztietako jarduerak izango dira: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Goizean goizetik familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira, eta, ondoren, gai desberdinei eta gaurkotasunari lotutako mahainguruak. Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira, eta, eguerdian, ikus-entzunezkoen txanda izango da, umeentzako pelikulak eta film laburrak.

Arte eszenikoek ere izango dute lekua, irakurketa dramatizatuen bidez. Idazleen artean, besteak beste, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña eta Danele Sarriugartek parte hartuko dute.

Ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, edukiera mugatuarekin, eta beharrezkoa da aldez aurretik sarrerak erreserbatzea. Oraindik badago aukera hainbat solasaldi, kontzertu eta aurkezpenetarako gonbidapenak erreserbatzeko.

Plateruena, ateak irekita

Nabarmentzekoa da Plateruenak Azokarako propio irekiko dituela ateak. Disko aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10.30etik 21.00ak arte. Guztira 37 musika talde igoko dira taula gainera, besteak beste, Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara edo Maria Rivero. Denera, Landakon zein Plateruenan, ehun kultur ekitalditik gora iragartzen dira.

Gainera, kulturzaleek aukera izango dute Azokako webgunetik Durangon gertatzen ari dena jarraitzeko. «Bi streaming kanal egongo dira webgunean, bata Landako guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero 10.30etik 21.00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue», adierazi dute antolatzaileek.

Mujikak dei egin die herritarrei aurtengo Azoka beste modu batera bizitzeko: «Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere».

Euskal Herrian zehar

Azoka ez da Durangora mugatuko. “Zu non, han DA!” ekimenaren baitan, Euskal Herriko zortzi herritan kontzertuak egongo dira: Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa. Guztira 32 musika talde.

Sarrerak salgai daude Azokako webgunean, baina ondorengo saioetarako agortu egin dira: Zea Mays (Bilbo), Ene Kantak (Bilbo), Liher + Sorkari (Atarrabia), Kaleko Urdangak + Perlata (Atarrabia), Izate Faltsua eta Rodeo (Amurrio), Gatibu (Azpeitia, 19.00), Silicies Grizzlies + Kyxo (Donostia), Dena + Habi (Donostia), Raitx + Burrundaria (Donostia), Mihise + Kaskezur (Donostia) eta Brigade Loco + Barne Guda (Gasteiz).