Bingen Zupiria Gorostidi
Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua
GAURKOA

Euskara: ilusioa eta lankidetza, diferentziak diferentzia

Egunotan bat egin dute Euskaraldiaren amaierak –gaur–, Euskararen Nazioarteko Egunak –atzo–, eta Euskararen Legearen 38. urteurrenak –joan den 24an–. Eta hiruren arteko loturaren baten bila euskarazko Wikipediara jo dut. Harrituta geratu naiz: 1982ko Euskararen Legeak ez du lerro bakar bat merezi, eta gure hizkuntzaren egunak, lau baino ez. Zergatik ote? Interes edo garrantzirik ez dutelako agian? Edo erraietan sustraituta dauzkagun herrek eta mesfidantzek oraindik ere pisu handia dutelako gugan?

Euskaraldiak euskara gehiago erabiltzeko gizarte-ekimen interesgarri bat proposatu digu, euskaldunok elkarrekin –bakarka ezin– egin beharrekoa. Ilusioa ekarri du euskaldun jendearen artera eta norabide bat eskaini digu praktika sozial berriak sustatzeko. Euskararen Egunak, bere aldetik, lurralde, erkidego, muga eta itsasoen gainetik mintzaira beraren hiztun garenon eta lur honen nortasuna eta harrotasuna ospatzeko aukera ematen digu. Eta Euskararen Legeak, duela ia berrogei urte onartu zenetik, aitorpen eta erronka nagusi batzuk dizkigu ezarriak: herritarroi euskara erabiltzeko eskubidea, eta herri aginteei eskubide hori bermatzeko betebeharra. Hiru arloak dira elkarren osagarri eta hiru-hirurak nahitaezko izango ditugu gure hizkuntzaren normalizazio bidean.

Lankidetza. Covid aldi hau ez da egokiena ezertarako, norberaren osasuna eta komunitatearena jagoteko ez bada. Gizarte-jarduerak mugatuta daude eta zail da eguneroko kale-giroan eduki ohi genituen enkontruak gertatzea. Ezagunekin topo egin ezinik, ez da erraz gehiago eta gehiagotan mintzatzea euskara, baina ustekabeko on asko izan ditugu. Onena, izena eman dutenen kopurua, bereziki, lehen aldiz etorri direnena. Baina, gainera, ariguneak zabaldu zaizkigu. Euskaraldiarekin batera modu natural eta normalean euskaraz hitz egiteko gune hauek poz handiak ekarriko dizkigutelakoan nago. Euskara erabiltzeko oztoporik gabeko gune lasaiak izango dira, datozen aste eta hilabeteetan indartzen joango direnak, lantokian, aisialdian, kirolean edo lagunartean.

Aurtengo Euskaraldia prestatzeko lanak lankidetzaren eredu izan dira. Martxo-apirilean, itxialdian geundela, Topagunearekin batera Euskaraldia egitea erabaki genuen eta hautu zuzena izan da. Ekimena, aurrekoan baino apalagoa, herriz herri eta auzoz auzo gauzatu da, eta izena eman duten ahobizi eta belarripresten banakako konpromisoaren bitartez mamitu da, batez ere; ariguneetan bat egin dutenen bitartez ere bai.

Herri-erakunde eta euskaltzale-elkarteen arteko ekimenak eman du bere fruitua. Orain bere eragina neurtu eta aztertu beharko dugu. Eta adi-adi jarraituko diogu bidea ariguneen bilakaerari.

Azterketa-lan honetan ere elkarrekin jokatuko dugu. Kontrobertsia egoerak saihestu nahi izan dituzten proiektu emankorren kumea da Euskaraldia. Erdigunean, elkar ulertu nahia dago, bere zentzurik zabalenean, ez linguistikoan bakarrik. Bakoitzari bere lekua aitortu eta bertatik harremanak egiteko printzipio hitzartua. Horregatik, lankidetza ez da Euskaraldira mugatzen. Hainbat gune eta batzordetan egiten dugu lan elkarrekin eta datozen urteetarako hainbat alorretan landu ditugun proiektuetan elkarren eskutik joango gara, dela lan eta ekonomiaren munduan, dela eskolaz kanpoko kirol eta aisialdiarenean edo teknologia digitalarenean.

Diferentziak diferentzia. Hizkuntza gutxitu baten normalizazioa ez da gauza erraza. Guk ez daukagu non begiratu eta nondik kopiatu. Askorentzat erreferentzia gara, gainera. Eta hain konplexua den prozesu batean normala da ikuspegi ezberdinak egotea eta iritziak ez bat etortzea askotan. Elkarrekin lan egiteak ez du esan nahi denok modu berean ikusi behar ditugunik gauzak. Eta ez genuke arazorik eduki beharko elkarri pentsatzen duguna esateko, leialtasunez. Erakundeek beren dinamikak, denborak eta zailtasunak dituzte, eta gizarte eragileek beste askatasun bat dute gauzak esateko, proposamenak egiteko edo are kritikarako ere. Natural ikusi beharko genuke, eta natural hartu batzuen eta besteen esanak. Nork bere ikuspegia du eta bakoitzak bere egitekoa. Bakoitzak bere rola du eta rol hori onartuz aritzeak emankorrago egiten du gure arteko harremana, elkar ulertzera jartzen garelako. Dena dela, diferentziak diferentzia, kontu izan beharko genuke egiten ditugun diskurtsoekin. Euskarak diskurtso positiboak behar ditu. Hiztun berriak eta gizartearen atxikimendua nahi baditugu, ezin zaizkigu behin eta berriz diskurtso galtzaile eta ezkorrak nagusitu. Falta dena amestea, eskatzea, aldarrikatzea beharrezkoa da, egindakoari duen garrantzia emanez gero; bestela suntsitzailea eta hondatzailea da.

Gure artera bizitzera etorri diren etorkin berrien seme-alabak euskararen mundura ekarri nahi baditugu, Euskaraldiaren kanpainako bideoetan ikusi eta entzun ditugun euskaldun berriak irabazi duten hizkuntzaz harro sentitzea nahi badugu, euskara kamustuta daukaten herritarrak erabilerara bultzatu nahi baditugu, ezin diegu etengabe esan ze gaizki goazen, zenbat falta zaigun edo zeinen apala den horrenbeste ahalegin kostata lortutakoaren emaitza.

Pentsa dezagun zer falta zaigun, nola egin ditzakegun gauzak hobeto, nola libra dezakegun euskara liskarren atzaparretatik, eztabaida dezagun zertan huts egin dugun, asma dezagun zertan gauden ahulen eta nola indartu ditzakegun ongi atera direnak. Sor ditzagun, guztion artean, nork bere ahaleginetik, behar ditugun baldintzak euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea posible, errazagoa eta naturalagoa izan dadin. Eta ospa ditzagun gure lorpenak, inongo konplexurik gabe, merezi dugu eta. Diferentziak diferentzia, lankidetzan eta ilusioz.