Mikel ZUBIMENDI
DONOSTIA
XABIER LETE HIL ZELA HAMAR URTE

Heriotza bizitzen eta bizitzari kantatzen segitzen du poetak

Hamarkada bat Xabier Lete hil zela. Utzi zuen hutsunea, baina, ez dago hutsik, bere argia ez da itzali. Bere kantak eta poemak, bere lan eta gogoetak, izarren hautsa bailiran, biziberritzen ari dira etengabe, poetaren inpaktua handituz, garrantzian eta sakoneran. Gure letren klasikoa den Letek, euskal jendearen miresmena eta maitasuna eskuratu ditu.

Euskaldunontzat totem figura bat da Lete, figura handi bat, euskal letren errepublikan subiranoa, hil zenetik hamar urte besterik igaro ez diren arren, gure literaturaren klasiko bat da dagoeneko. Bere obra hain da zabala eta askotarikoa, hain da katalogatu ezina, bere unibertso poetiko eta musikala hain da trinkoa eta hainbeste jarraitzen du hedatzen, ezen haren letrak berriz irakurtzean, haren kantuak berriz entzutean, beti deskubritzen den artista berri bat, osotuagoa, oparoagoa.

Oiartzungo poeta-kantariak itzalpean uzten du gogoetalaria, prosa idazle fina, intelektuala, antzerki jorratzailea, euskaltzaina eta politikaria. Izan ere, Leteren figuraren eta obraren alderdirik nabarmenetarikoa, eta, aldi berean, aldrebestuena, zailenetakoa, bere konplexutasuna da, bere poliedrikotasuna. Kantaria ezaguna eta erreferentziala izan zen, hitz bilakatu ziren sentimendu ilun eta sakonen unibertso oparo baten jabe zen poeta, arrangura existentzialek astinduriko intelektuala. Bai, hori dena zen, eta ez zen. Ez bata, ez bestea, eta biak izan litezke aldi berean. Hori baino gehiago ere bazelako.

Sentimendua iturburu

Barne-kezkak, zalantza existentzialak, aberria, nostalgia, pasioa, fedea, etsipena, elkartasuna, adiskidetzea, babesa, maitasuna, salbazioa, itxaropena... inork gutxik bezala adierazteko gaitasuna izan zuen Xabier Letek. Bere pentsamendu eta imajinario filosofiko-estetikoa sakona zen, sarritan ezin asmatuzkoa. Unibertso hori esploratzeko eta bertako aurkikuntzak gogora ekartzeko lan asko egin da urteotan, doktore-tesi, liburu eta gonbidapen musikal andana. Eta, hala ere, Leteren obra arakatzeak beti uzten du zerbaitek eskapo egiten digun sentsazioa, ustekabeko labankada garden bat, erreka zikinen iturri garbia mapan kokatzeko nahia eta ezina.

Izan ere, Leterentzat poesiaren iturburu lehena sentimendua da, bestela ez dago poesiarik. Eta sentimenduak ulertzea, arrazionalizatu eta biribil-biribil azaltzea beti da ortopedikoa den ahalegina. Bere hitzetan, «sentimendu eta sufrimendurik gabeko poesia erretorika hutsa da, berdin zait erretorika soziala edo erretorika preziosista». Eta gero datoz arrazoiak, subjektuak, mundu misteriotsu hori guztia lotu eta izendatzeko erabakia, ez lehenago.

Existentziaren drama eta ironia –«Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, non biziko nintzateke zugandik aparte»–, poz eta minak, eguneroko irudien bitartez eta arnas handiko metaforekin kantatzen zituen. Erroak hemen, urrutiko ikusmira batekin, gogoa ireki beti, munduaren egarri. Asmoak, lekuak, ametsak, taupadak, zirrarak eta dardarak, min eta galerak hitz egin zituen, airez transmititu zituen, sentitzeko, ikusteko eta entzuteko aukera emanez, uzta poetiko jorian.

Leteren izaera naturala zen, egiatia, espontaneoa eta izaeraren freskotasun hori izerditzen du Leteren obrak. Ibilbide oso oparoa izan du, poesian eta kantuan, gogoetan eta prosan, batean zein bestean dohain bereziekin. Bere kantu eta poemak mugarri eta erreferente izan dira eta dira; euskaldunon barne-erresumak aztoratu eta goxatu dituzte eta gure herrian sakon txertatuak daude, erantzezin diren jantzi eginda.

Irauten duen ibilbide oparoa

Leteren ekarria iraunarazten duten argitalpenak ugariak dira. Ez Dok Amairu taldea sortu zuenetariko bat izan zen. Bere kantuz osaturiko bost disko utzi zizkigun, Lurdes Iriondorekin batera beste bi. Diskoen artean, hauek: “Errota zahar maitea”, “Nafarroa arragoa”, “Kantatzera noazu”, “Lore bat, zauri bat”, “Eskeintza” eta “Hurbil iragana”. Horiez gain, bertsoei eskainitako hainbat disko ere utzi zizkigun, “Bertso eta kopla zaharrak” disko bikoitza, Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin, eta “Txirritaren bertsoak” disko bikoitza Antton Valverderekin. “Berrehun urtez bertsotan” ere kaleratu zuen, zazpi disko bertsolaritzaren antologia bezala.

Letren munduan, hainbat artikulu, hitzaurre eta kolaborazioz gain, sei poema liburu utzi zizkigun: “Egunetik egunera orduen gurpillean” (1968) lehen liburua, poesia sozial eta esperimentaletik abiatu zena. “Bigarren poema liburua” (1974) lanean poetika helduxeago bat nabarmentzen hasi zitzaion eta arrangura existentzialek lehen bisitaldia egin zioten. “Urrats desbideratuak” (1981) lanean, etsipena eta ezkortasuna poetaren mundua nolabait kolonizatzen hasten dira. “Zentzu antzaldatuen poemategia” (1992) eta “Biziaren ikurrak” (1993) liburuetan, gaixotasun larri bat jasan ondoren, espiritualtasuna bilatzeko martxa azkartzen du Letek, ikuspegi barnerakoiago batekin jarduten du, bizitzeko euskarriak izendatzeari ekinez.

Azkenik, "Egunsentiaren esku izoztuak" (2008) lanean, Leteren mundu metaforiko eta hiztegi poetikoaren gailur kontsideratzen dena, bere bizitzaren esperientziak (galera, heriotzak…) gogoetatu eta hitz bilakatu zituen. Egunen batean hilko den kontzientziaren jabe, edozein unetan heriotza bidera aterako zaiola eta nahi duena gauzatzeko aukerarik ez duela izango jakitun, itxaropenik ez duen gizaki existentzialista horrekin parekatzen da. Baina badu egoera etsipengarri hori konpontzeko bidea: maitasuna. Jainkoan sinistera eramaten du horrek, hura baita maitasuna bizirik mantendu dezakeen bakarra, baita heriotzaren ostean ere. Liburu honekin irabazi zituen Euskadi Literatur Saria eta Espainiako Kritikaren Saria.

Bestalde, hainbat abeslarik musikatu eta kantatu izan dituzte Leteren olerkiak eta kantak, horien artean Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal edota Benito Lertxundi. Antzerkia ere jorratu zuen Letek, eta euskal teatro modernoaren oinarriak finkatzeko asmoak bultzaturik, Eugenio Arozenarekin kolaboratu zuen. Kolaborazio horretatik sorturiko obrak Oiartzungo Intxitxu antzerki taldeak antzeztu zituen.

Bizitzari esker oneko

Oiartzunen ongi errotua, lau haizeetara kantari aritu zen Lete. Ahozkotasunean eta herri kulturan busti-bustia eta munduari begira, biak propio uztartuz jardun zen sorkuntzan. Herri hizkuntza bizi-bizi sentitzen zuen eta hizkuntza jasoa gozatzen. Non zegoen eta nondik kantatzen zuen ahazteke, bertatik bertara ekinez, mundu guztian barna.

Jose Angel Irigarai poetak maisuki idatzi zuenez, «heriotzak poetaren taupada bizia eraman zuela, haren hats oparoa, poesia-hitz bilakatuta, gugan da orain». Oraindik, bizi-bizi. Egun batean izarren hauts emankor bilakatu zenak gure bizitzak galdera larriz ongarritzen segitzen du, gure existentzien hauskortasuna gogoraraziz, gure barne erresumak inarrosiz. Bizitzari esker oneko beti.