GARA
MADRIL

Hizkuntza gutxituen aldeko ekimen legegilea

Hamar alderdik hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan. «Hizkuntza aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia» manifestuan oinarritzen da.

BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Mas Pais, PDeCAT eta Unidas Podemos alderdiek hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, Kongresuan, hainbat eragilek aurkeztutako “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” manifestua oinarri.

Kontseiluak ohar batean azaldu zuenez, euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lan egiten duten eragileek, tartean Kontseiluak, bilera egin zuten otsailean Diputatuen Kongresuan hainbat alderditako ordezkariekin. Hizkuntza gutxituen egoera partekatzea izan zen bileraren xedea.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Lingüistica, Accio Cultural del Pais Valencia, Ciemen, Escola Valenciana, Omnium eta Plataforma per la Llengua eragileak izan ziren egitasmoaren bultzatzaileak.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, «alderdiei azaldu genien gure ustez Espainiako Estatuak ez duela hizkuntza aniztasunera egokitu nahi izan». Bilbaoren iritziz, bileraren muinak teoriatik izan zuen gehiago praxitik baino. «Aintzatespen praktiko batera baino, teorikora mugatu ginen gehiago, betiere gaztelaniaren nagusitasunetik abiatuta maila guztietan», esan zuen.

«Gainera, aipatu genien azken boladan areagotu egin dela sektore politiko batzuen etengabeko erregresio mehatxua, eta horrek ahalbidetzen duela berezko hizkuntza erabili nahi dutenekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta», gaineratu zuen.

Irakurketa bateratu horren aurrean, «ikusle hutsak izatetik esku hartzera jauzi egiteko deia» egin zieten eragileek alderdiei: «Gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean, esan genien alderdi politikoak ezin direla ikusle hutsak izan». «Bustitzeko unea dela gogorarazi genien», nabarmendu zuen Bilbaok Kontseiluak bidalitako agirian.

Sei konpromisoa

Horretarako, sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin zitzaien alderdiei, hain zuzen, “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” manifestuan biltzen direnak. «Konpromisoak bihartik bertatik gauzatu daitezkeela aurreratu genien, baldin eta askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeko benetako borondate politikoa baldin badago, hau da, hizkuntza aniztasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzekoa», azpimarratu zuen.

Bada, alderdi politikoek atzo aurkeztu zuten legez besteko proposamenak eragileek aurkeztutako manifestua izan du oinarri. Ildo horretan, Kontseiluko eledunak uste du «berri ona» dela: «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua».

Hala ere, bidea oraindik ez dela amaitu gogorarazi zuen. Hala, ekimena sustatu duten eragileek hurrengo asteetan agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, datozen hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.

Orain falta da jakitea zein izango den Kongresuan indar gehiago duten alderdien jarrera, hau da, PSOEren eta PPren jarrera.