Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
GARAZI MURUA
ATHLETICEKO KAPITAINA

«Aurretik ere izan ditugu egoera zailak eta inoiz ez ditugu besoak jaitsi»

25 urte besterik ez ditu, baina seigarren denboraldia du Athleticen lehen taldean. Kapitainaren besokoa jantzita beterano rola betetzen du, dezente gazteagotu den aldagelan. Eta esperientzia da, hain zuzen, zailtasunei aurre egiteko lasaitasuna ematen diona. Baita formula ere: «lana eta taldea; gure indargune handiena taldea izan da beti eta horrela jarraitu behar dugu».

gara-2020-12-08-Entrevista

Nekatuta, zuri-gorriek egin zuten lana izugarria izan zelako eta, arrazoi berberagatik, taldearekiko harro amaitu zuen Atleticoren aurkako partida. Taupadak baretzean, hala ere, puntua, meritu handikoa izan arren, Athletici «motz» geratzen zaiola onartu du.

Emozioa eta meritua alde batera utzita, berdinketak balio dizue?

Ez da erraza bereiztea. Egin genuen partida ikusten baduzu, akatsak egin bagenituen ere, aurkaria zein zen eta nola lortu genuen puntua eta pozik uzten zaitu. Baina egia da azken bost jardunaldietan bi puntu besterik ez ditugula eskuratu eta horrek hurrengoak nahitaez irabaztera behartzen gaitu.

Nahikoa izango da? Denboraldiaren laurdena bete denean, Athletic hirugarren postutik zortzi puntura dago, talde on asko dauzka aurretik...

Ezin da ukatu aldea dagoela, baina puntu asko daude lehian oraindik. Guk saiatu behar dugu aukera guztiei heltzen eta gero ikusiko dugu denboraldiak nora eramaten gaituen. Baina gure asmoa beti da goian egotea.

Baina baldintzak ez dira beti berdinak. Jokalari garrantzitsuak joan dira, gazteek denbora behar dute, lesioekin ez duzue inolako zorterik... Ez duzu uste gehiegizko presio eragiten dizuela hain helburu handinahiak jartzeak?

Bai, trantsizio etapa bat da, jokalari garrantzitsu batzuk joan zaizkigu, gazteek, oso indartsu etorri arren, denbora behar dute taldera eta mailara egokitzeko... Hori guztia egia da. Baina ez da lehenengo aldia. Aurretik ere bizi izan ditugu horrelako egoerak, baita zailagoak ere. Eta inoiz ez gara konformatu, inoiz ez ditugu besoak jaitsi. Askotan kanpotik ez dute gugan sinistu, baina guk bai, sinistu dugu, eta horrek, lanak eta talde bat izateak, arrakasta handiak eman dizkigu. Eta esperientzia horrek lasaitasuna ematen digu orain.

Baina «ingurua» ere aldatu da. Lehen maila gero eta zailagoa da.

Badakigu gorantz doala eta hobe horrela jarraitzen badu, guretzat zailagoa izan arren. Erronka politagoa izango da. Gehiago saiatu beharko dugu eta lanez eta harrotasunez eutsiko diogu etxeko jokalariek osatutako taldearen indarrari, hori izan baita beti gure indargunea.

Liga gorantz eta jokalarien lan-baldintzak hobera doaz. Baina AFEk bilera batera deitu ditu Hitzarmenaren sinatzaileak, hainbat desadostasuni buruz hitz egiteko. Eta egun hauetan Rayoren egoerari buruzko informazio kezkagarriak ere plazaratu dira.

Orokorrean, dakigunez, hitzarmena betetzen ari da. Eta betetze dela ikuskatzen duen komisioa arazoak sortzen direnean konponbideak bilatzeko dago. Egun hauetan entzuten ari garenak larritzen gaitu, dudarik ez. Gure oinarrizko aldarrikapena, lehena, beti izan da futbolariok gure lana duintasunez bete ahal izatea. Horretarako borrokatu ginen hitzarmenagatik eta, zoritxarrez, horretarako borrokatzen jarraitu behar dugula agerian geratzen ari da berriro ere. Koronabirusaren ondorioz egoera zaila dela uler daiteke, talde bakoitzak bere baldintzak eta baliabideak dituela, baina minimo batzuk betetzea eztabaidaezina da. Ez dut uste gure lana duintasunez egin ahal izatea larregi eskatzea denik.

Gainera beti esan duzue hitzarmena abiapuntua dela.

Beti esan dugu minimoen akordioa izan zela. Oinarrizko akordio hori hobetzeko eta garatzeko biltzen gara. Helburua ez da bakarrik bere betetzea babestea, baizik eta garatzen jarraitzea. Errealitatera egokitzea, batez ere partzialtasunari eta soldata minimoari dagokionez, lan-baldintzak, bidaiak... Dena hobetu behar du. Askotan entzuten dugu azkarregi lortu nahi ditugula gauza asko baina, beharbada, gakoa da motelegi joan dela dena guretzat orain arte, larregi itxaron dugula, eskatzen ditugun gauza asko jada izan genitzakeen gauzak direla.

Ez dakit Lehen Maila profesionalizatzeak zuen baldintzak hobetzen lagunduko duen, baina prozesu hori ere martxan dago. Kapitainak ere bildu zarete Irene Lozanorekin horretaz hitz egiteko.

Bai, joan den astean bildu ginen eta CSDren asmoa azaldu ziguten. Badirudi benetako asmoa dutela gehiago itxaron barik Ligaren estatus legala aldatu eta profesional bilakatzeko. Nik positibo ikusten dut. Gero ikusi beharko dugu zertan gauzatzen den estatus aldaketa hori, baina berez nik uste dut denon onerako izango dela, profesionalizazioak Ligaren hazkundea ekarriko duela eta horrek futbolarion lan baldintzak hobetzea.

Laburrean

Lesioa. Ane Etxezarretak sudurreko hezurrak hautsi zituen igandean, Realaren eta Espanyolen arteko partidako azken minutuetan. Astehenean egin zioten ebakuntza.

Reala eta Eibar. Gaur jokatuko dira Lehen Mailan atzeratutako lau partida. Realak eta Rayok lehen jardunaldikoa jokatuko dute Zubietan (17.00) eta Eibarrek eta Sevillak, 7. jardunaldikoa, Jesus Navas zelaian (16.00, Gol). Beste bi neurketa jokatuko dira: Levante-Real Madril (14.00, LaLiga SportsTV) eta Sporting-Madril (15.45).

Asteburua. Igandean jokatuko dituzte euskal taldeek 12. jardunaldiko partidak. 12.00etan hasiko dira Sporting-Athletic eta Rayo-Eibar eta 16.15ean Sevilla-Reala (Gol).

Bigarren maila. Alavesek buelta eman zio markagailuari Zaragoza gainditzeko (2-1) eta hirugarren postua berreskuratu du. Osasunak Collerense jipoitu zuen (1-5) Lorena Herreraren lau golekin eta laugarrena da, eta Athletic Bk Bartzelona B-ren kontra galdu zuen (0-3) zortzigarren jardunaldian.

Champions. Gaur eta bihar jokatuko dira final 1/16ko joaneko partidak.

Norvegia. Gol averageak erabaki du Toppseriea, txapela jantzi nahi zuten bi taldeek azken jardunaldian ere irabazi ondoren. Azkenean Valerengak lehen postuari eutsi dio eta Rosenborgek bigarren amaitu du.

Ingalaterra. Zaleen itzulerak eta entrenatzaile aldaketak zortea eman dio Tottenhami, denboraldiko lehen garaipena (3-1) lortu baitzuen Brighton&Hoveren aurka. Hirugarren gola Alex Morganek sartu zuen, erditu eta sei hilabetera.

Mexiko. Laugarren aldiz, hirugarrenez jarraian, Tigresek eta Monterreyk Ligako finala jokatuko dute. Bi partidara lehiatuko da, abenduaren 11n eta 14an.