Iker GURRUTXAGA
HERNANI

Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays, NAIZ Kontzertuetan

Urtarrilaren 22, 23 eta 24an izango dira bueltan NAIZ Kontzertuak, joan den udan izandako arrakastari segida emateko gogoz. Hernaniko kiroldegian izango dira eta bi modutan eskainiko dira: era presentzialean eta «streaming» bidez. Hiru egun eta lau talde: Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays. Sarrerak urtarrilaren 12tik aurrera eskuratu ahal izango dira NAIZen webgunean. Ikuskizuna ziurtatuta dago.

NAIZek kontzertuak egiteko apustuari eutsiko dio eta urtarrilaren 22, 23 eta 24an lau emanaldi izango dira Hernaniko kiroldegian, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Hiru egunetan izango dira ikuskizuna emateko gogoz dauden lau taldeen emanaldiak. Denetariko musika eskaintza izango da beste behin ere NAIZ kontzertuetan parte hartuko dutenen eskutik.

Eredu mistoan egingo dira berriz ere kontzertuak. Aurreko kontzertuek izan duten harrera ikusita, aukera hori mantentzea erabaki da eta kontzertu bakoitza 2,5 euroren truke ikusteko moduan izango da; bonuak ere mantenduko dira streaming bidez saio guztiak ikusteko. Sarrera fisikoek, berriz, 10 euro balioko dute eta kontzertua zuzenean Hernaniko kiroldegian bertan ikusteko aukera izango da, egoerak baimentzen badu.

Berriz ere kalitatearen alde indar berezia egin du NAIZek eta TAOM eta Foku-rekin elkarlanean arituko gara, etxetik kontzertuez ahalik eta modu onenean gozatu ahal izan dadin. Hala, sarrerak urtarrilaren 12tik aurrera eskuratzeko moduan izango dira NAIZen webgunean, eta aurreko edizioetako pauso berak eman beharko dira horiek lortzeko.

Ordubeteko saioak izango dira eta, hurrenez hurren, horrela gelditu da egitaraua. Urtarrilaren 22an, 19.30ean, Skakeitan talde donostiarra arituko da. Urtarrilaren 23an, bi emanaldi: 17.30ean, Brigade Loco, eta, 19.30ean, Des-Kontrol. Zea Maysek, berriz, urtarrilaren 24an eskainiko du bere saioa, 19.30ean.

Musikari eta musikaren inguruan dagoen lan guztiari eman diguna bueltan emateko garaia zela esan genuen NAIZ Kontzertuen itzulera iragartzean. Maiatza zen eta itxialdi baten bukaeratik gentozen. Itxaropenez gainezka, berriz ere aretoak betetzeko asmoz, gogoz eta ilusioz.

Streaming bidezko formularekin hasi eta formatu mistora pasatu ginen gero. Gutxi batzuk baziren ere, ikusle batzuek kontzertuak zuzenean ikusteko aukera izan zuten NAIZ kontzertuetan. Egia da egoera aldatu dela, egia da areto askok beren programazioari ekin diotela eta egia da kontzertu kopurua asko handitu dela, baina oraindik ere bide luzea dago egiteko.

Lau taldeok aski ezagunak dira euskal musikaren eszenan. Skakeitan donostiarrek iaz atera zuten “Nola galdu denbora” izeneko lana. Etengabe garatzen ari den musika taldea da Skakeitan eta hori bere soinuan igartzen da. Azken lan honetan doinu elektronikoagoen aldeko apustua egin dute eta indar berezia hartu dute horren ondorioz beren kantuek. “Ezpainetan odola”, “Apatia” eta “2 minutu” bezalako kantuak aurkezteko aukera ona eta entzuleentzako gozatzeko moduko emanaldia osatuko dute. Euskal musika lo ez dagoen adierazle garbietako bat da Skakeitan taldea.

Kaskamotz edo skinhead mugimenduak ere publiko fidela izaten du eta hori argi geratu da punk-oi estiloan itxialdiaren ostean izan diren kontzertu guztietan. Aretoak bete dituzte eta hori seinale ona da; hots, Euskal Herrian eta kanpoan oihartzun itzela izan duen musikak oraindik ere harrera bikaina duen seinale. NAIZ Kontzertuetan estilo horretako bi talde izango dira urtarrilaren 23an.

Brigade Loco taldekoak izango dira eguneko lehendabiziko protagonistak 17.30ean. Bergara, Hernani eta Debako kideek osatzen dute taldea. “Ekintzek dute hitza” izeneko lana kaleratu zuten duela pare bat urte eta azken urtean hiru kantu atera dituzte. Bata, futbolaren bueltan idatzitakoa, “Bultzada” izeneko kantua, eta beste biak, memoria historikoari erreferentzia argia egiten diotenak: “Ez dira pasako” eta “Arbasoak”. Hiru kantu, beste hainbeste bideoklip dotorez jantzita.

Des-Kontrol taldekoak izango dira egun berean, 19.30ean. Arrasateko talde klasikoetako bat bihurtu da dagoeneko eta, nahiz eta 2009an atera zuten beren azken diskoa, oholtzara igotzen diren bakoitzean eztanda egiten du bueltan dagoen guztiak. Ziur, gure etxeetan ere halako sentsazioa eragingo digutela.

Zea Maysekin emango diegu lau kontzertu hauei itxiera. Baina badakizue aurrera begira gehiago egiteko atea zabalik uzten dugula beti NAIZ Kontzertuetan. Errekaldeko taldeak “Atera” lana kaleratu zuen 2019an. Indar handiko kantuak, soinu aldaketa nabarmenarekin baina esentzia guztia bilduz. “Kea” edota “Hiri eri” bezalako kantutzarrekin agurtuko ditugu, beraz, oraingoz, NAIZ Kontzertuak.

Gogoratu, urtarrilaren 12tik aurrera izango dituzuela sarrerak eskuragai NAIZen webgunean.