Iñigo Otxoa Fernandez
KOLABORAZIOA

Bizikidetzatik apartatzeko bizikidetzarako gonbita

Bizikidetza” da Iruñeko euskarazko haur eskolen eztabaida politikoan aurkitzen dugun aurkako argudioa. Guk, euskarazko murgiltze eredua eskatu, eta esparru politikoko gehiengo zabalak horri eusten dio. Gu bizikidetzaren kontrakoak gara eta bizikidetza euskararen gainean eraiki behar da, beraz.

Udaletxeak (eta Gobernuak omisioz) euskarazko plazak murriztu eta iparraldeko auzoetara zokoratu zituen iaz. Hurrengo ikasturterako euskarazko plaza gutxi batzuk jarriko dituzte Iruñeko hegoaldean, euskararen basamortuan nonbait. Baina nola? Euskarazko murgiltze eredua baztertuz eta eredu mistoak sustatuz, antza denez. Eredu mistoa euskarazko adarra eta gaztelerazko adarra bereizten dituen eredua da, teorian. Praktikan, ordea, gaztelera gailentzen da haurren espazio komunetan, hezitzaileen arteko harremanetan, funtzionamendu administratiboan... Orokorrean.

Arkitektonikoki ere eraikin gehien-gehienen espazio banaketa horrela funtzionatzeko eginda dago, komunean lan egiteko, alegia. Beste faktore bat hezitzaileen profila izango da hemendik aurrera. Euskarazko murgiltzearen kontrakoek diseinatuta, EEP berrietatik euskarazko profila duten hezitzaileak gutxi izango dira. Hori diseinatu dutenek beraiek, zinikoki, euskararen eskaintza eta murgiltze eredua sustatzea ezinezkoa dela arrazoitzen dute, euskarazko hezitzaile nahikoa ez dagoelako.

Ia ezinezkoa gertatzen da euskara etxetik dakarren umeak euskarari eustea. Arlote sentitu aurretik, ume guztiek normalak eta taldearen parte izan nahi izaten dute. Era berean, gaztelera etxetik dakarren horrentzat zaila da benetan euskaraz hasteko une magiko hori aurkitzea. Horrelako egoerek neurri bateko edo besteko traumak sortu izan dituzte eta beldur naiz sortzen jarraitzen ez ote duten. Izan ere, diglosia argiko kasuak daude, non umeek nahiago izan duten mutu gelditu denboraldi batez, euskarari eutsi baino.

Gure eskubideak errespeta daitezela eskatu behar da, noski, baina, batez ere, gure esku dagoena egin, ahaldundu. Hizkuntza eta hezkuntza politika honekin, etxean, eskolaz kanpoko espazioetan, erreferentzia eta iruditeria ezberdinetan... euskara sendo transmititzeak berebiziko garrantzia du. Zorionez, badira gero eta familia euskaldun gehiago horretan ari direnak. Baina euskaraz ikastea nahikoa dutenen sektorea handituz doa, euskara eta euskaratik ikasi eta bizi nahi dutenen aldean.

Horregatik, gure lehen urratsa arnasgune bakan horiek gotortu eta murgiltze ereduaren aldeko kontzientzia zabaltzeko lana egitea da. Izan ere, instituzioetan, euskarazko murgiltze ereduaren kontrakoak pentsatu baino alderdi gehiago dira, eta ez ditugu limurtuko berehala, eta agian, sekula ez. Oraintxe bertan, instituzioetan, horretan dabiltzan euskaltzaleek baldintzak jartzea da egin dezaketen gauza bakarra. Betiere tratuetarako giltza euskaltzaleen esku baldin badago. Eta, jakina, euskaltzale horiek baldintzatu ahal izan eta benetan nahi izan behar dute, noski.