Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Gizon eriaren metafora

Hamaika hilabete besterik ez dira igaro, eta begira nola aldatu den asuntoa. Iazko otsailaren 3an argitaratu zuen “Wall Street Journal” egunkariak, Walter Russel Mead irakasleak sinatuta, noiz edo noiz kazetari-eskoletan ere aztertzea komeniko litzatekeen iritzi-artikulu hura: “China Is the Real Sick Man of Asia”.

Iritzia iritzi, testuinguruan zeraman pozoia titularrak, noski: oraindik «izurritea» besterik ez zenaren goraldi betean zegoen une hartan Txina; Hubei osoa erabat itxita, eta gainerako lekuetan oporren luzamenduarekin ekilibrioak eginez; eta egunero dozenaka hildako eta mila kutsatu baino gehiago metatuz. Eritasuna ez zen metafora hutsa.

Baina are pozoitsuagoa zen testuinguru historikoa: gainbehera zetozen entitate politikoei egotzi zitzaien, XIX. mendean batez ere, «Gizon Eria» metafora hori bera: Otomandar Inperioari, Europan; Txina berari, Asia Ekialdean...

Adeitsua behintzat ez zen konparazioak bi ekaitz sorrarazi zituen. Bat, WSJren erredakzioan, gutun kritiko bat sinatu baitzuten dozenaka kazetarik. Bestea, Pekinen: bi aste beranduago, izurritea menderatzen hastearekin batera, etxerako bidea harrarazi zieten WSJko hiru kazetariri Txinako agintariek.

Ariketa txit interesgarria izan daiteke oraintxe bertan artikulua berrirakurtzea; baina beste baterako beharko du izan.

Hamaika hilabete beranduago, Estatu Batuek 225.000 kutsatu berri eta 3.670 hildako berri gehitzen zituzten egunean bertan, presidenteak xaxatutako jende-olde batek Parlamentua hartu zuen, hauteskundeen emaitza alderantzikatzeko. Biharamunean, presidenteari aginte nuklearra kentzeko eskatzen ari zen parlamentuburua, hura erabat kargugabetu arte edo.

Deigarria da, hala ere, nola inork ez duen Gizon Eriaren metafora berreskuratu, duela hamaika hilabete baino are egokiagoa dirudienean. Agian, Txinak berak ere erabili ez izana litzateke esplikagarriena: «Zero baturaren mentalitatea alboratzea» eskatzearekin guztiz bat letorke hori.

Beste batzuon kasuan, agian, izarren ordez banana bat daraman bandera horren metafora egokiagoa dela deritzogulako izango da.