Dabid LAZKANOITURBURU

Calabriako mafiaren aurkako makroepaiketa historikoa

Italia hegoaldeko Calabriako mafiaren ('Ndrangheta) 300dik gora ustezko kideren aurkako epaiketa hasi zen atzo. 'Ndrangheta Italiako mafia-talde indartsuena da egun eta mundu osoan aberatsenetarikoa. Epaiketa historikoa da, beraz, baina ez du mafia desagerraraziko, honen sorrera eragin zuten arrazoiek bere horretan segitzen dutelako.

Guztira 355 dira Vibo Valentia herriko epaitegian akusatuen aulkian eseraraziko dituzte mafioso, politikari eta enpresariak. Erakunde kriminal bateko kide izatea edo taldearekin kolaboratzea leporatzen diete.

2019an egin zen “Rinascita-Scott” operazioan atxilotu edo auzipetu zituzten guztiak. Italian bertan, Alemanian, Suitzan eta Bulgarian Calabriako klan desberdinak zituen jomugan Nicola Gratteri Catanzaroko fiskalak zuzendu zuen operazioak.

Operazioa ez zuen, ordea, Poliziaren abileziak ahalbidetu. Filippo Gangitanoren kasua funtsezkoa izan zen: bere lehengusuak erail zuen, homosexuala zelako, eta ondoren, haren lekukotasuna izan zen giltza. Mafiako buruzagiek «'Ndranghetak horrelako portaerak ez» dituela onartzen ohartarazi zioten hiltzaileari eta gorpua eraikitzekoa zen errepide batek estaliko zuen tokian lurperatzeko agindu zioten. Lehengusua haserretu egin zen eta Poliziarengana jo eta kideak salatzea erabaki zuen.

Gratteri fiskala bera calabriarra da eta txikitatik gertu-gertutik ezagutzen ditu 'Ndrangheta eta bere metodoak.

Calabriako mafiak 8.000 kide inguru ditu bere jaioterrian eta haren adarrak Italiatik at zabaldu dira. Besteak beste, Europan kokainaren negozioa kontrolatzen du.

Epaituko dituztenak askoz gutxiago dira, baina Italiako historian mafiaren aurkako bigarren epaiketarik handiena da, 1986an Siziliako Cosa Nostraren aurka Palermon egin zenaren ondotik. Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino izan ziren epaileak eta biak atentatutan erail zituen mafiak, mendekuz, 1992an. Aurrekari arriskutsua, beraz.

Bi urte luze iraungo duen prozedurarekin aurrera egiteko epaitegi-bunker bat eraiki behar izan dute Calabria barnealdean dagoen Vibo Valentiako industrialde batean, Lamezia Termen.

Izan ere, epaituko dituzten 355 susmagarriez eta abokatuez aparte, 913 lekuko pasatuko dira mafiaren gehiegikeriak eta delituak salatzeko; horien artean, «isiltasunaren legea» (omertà) hautsi duten 58 mafioso ohi. Gainera, epaiketa ikusten ehunka pertsona egongo dira.

Mancuso klana

Epaitutakoen erdi-erdian «Ndrina» edo Mancuso klana dago, ikertzaileen ustez 'Ndranghetaren familien artean boteretsuenetarikoa eta eraginkorrenetarikoa». Patriarka, Luigi Mancuso, 80ko hamarkadan epaitu zuten lehen aldiz eta, kartzelan hogei urte eman ondoren, 2012an utzi zuten aske.

Aurreko auzialdi batean hiru ordu behar izan zituzten akusatu guztien izenak irakurtzeko, tartean Mancuso eta bere familiarenak, baina baita Hollywoodeko film bateko pertsonaien ezizenak izan zitezkeenak ere: «Otsoa», «Ahuntz txikia», «Ilehoritxoa», «Potolotxoa»...

Hasieran epaiketa Italiako beste eskualde batean egitea pentsatu zuten agintariek, baina azkenik Calabrian bertan, Italiako botaren puntan, egitea erabaki dute, Alfonso Bonafede Justizia ministroaren hitzetan «Estatuaren presentzia nabarmentzeko» urrutiko eskualde ahaztu eta txiroenean.

Egun, 'Ndrangheta Italiako mafiarik boteretsuena da eta mundu osoan aberatsenetarikoa. Gratterik kalkulatu duenez, urtero 50.000 milioi euro fakturatzen ditu.

Zeharkatu ezin diren Calabriako mendietan babestuta, eta San Luca herrian gotortuta, urte askoan txikitu egin da hasieran bere lurraldera mugatzen zen erakunde mafiosoaren eragina.

Hala ere, denborak aurrera egin ahala 'Ndranghetak hazi eta mundu osoan zabaldu zituen adarrak, zorizko jokoari, lizitazio publikoei eta batez ere Latinoamerikatik Gioia Tauro Calabriako portura iristen den droga negozioari esker.

Politikan eta enpresan

Mafiako kideak ez ezik, erakundeari hazten lagundu zioten politikariak eta enpresariak ere epaitu eta zigortu nahi dituzte agintariek. Akusatuen eserlekuan eseriko dira, besteak beste, Giancarlo Pittelli, abokatua eta Silvio Berlusconiren Forza Italiako parlamentari ohia, eta Nicoterako alkate ohia, Mario Lo Riggio.

Oxfordeko Unibertsitatean Kriminologia erakusten duen Federico Varesen ustez, Palermoko epaiketa baino txikiagoa baldin bada ere, bertan epaituko dituzten enpresariak, politikariak eta funtzionarioak kontuan hartuta, 1986koarekin guztiz alderatu daiteke.

«Horrek agerian uzten du gizartearen zati baten konplizitatea. Erabat errotuta dago 'Ndrangheta calabriarren artean».

Gratteri fiskala bizkartzainek babestuta bizi da azken hamarkadetan, baina gaur hasten den epaiketa historikoari begira bere lana uzteko asmorik sekula ez duela izan ziurtatu du. Akusatuetako askorekin futbolean egiten zuen gaztetan.

Egun 62 urte ditu eta ez omen du futbolean jolasteko asmorik; bai, ordea, bizirik irauteko asmoa, Falcone eta Borsellino epaileek lortu ez zutena.

Izan ere, Federico Varese adituak ohartarazten duenez, epaiketak zigor handiekin amaitzen badu ere, 'Ndrangheta ez da desagertuko. «Mafiosoak kartzelan giltzapetu ditzakegu, baina mafia sortzea ahalbidetu zuten arrazoiak errotik mozten ez baditugu, erreproduzitu egingo dira».

 

Apuntes sobre la 'Ndrangheta

el nombre

Su nombre proviene del término latino «andranghateia»: grupo de hombres de honor.

miembros

Tiene su origen en la unificación italiana de 1861 y cuenta con 20.000 miembros en todo el mundo.

familiar

Su estructura familiar la hace casi inexpugnable.

«hitos»

Se dio a conocer en los 70 con el secuestro del nieto del magnate petrolero Jean Paul Getty. Un ajuste de cuentas sangriento en Alemania en 2006 le puso en el punto de mira. Es considerada mafia desde 2010.

salvajismo

Sus métodos son muy crueles y llegan a darles de comer a los cerdos a sus víctimas para hacerlas desaparecer. Ha matado a decenas de niños desde los 50.