GARA
IRUÑEA

Behatokia: «Ertzaintzaren lan deialdiak ez ditu hizkuntz eskubideak bermatzen»

Ertzaintzako 700 posturako eta udaltzaingoko 57 posturako Lakuako Gobernuak egin berri duen lan deialdiaren harira, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazi du ez duela euskal herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko nahikoa bermerik ematen.

Lakuako Gobernuak Ertzaintzarako eta Udaltzaingorako egin duen lan deialdiaren inguruko kezka adierazi zuen atzo Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Hurrenez hurren 700 eta 57 posturako deialdia izaki, kopuru esanguratsua dela nabarmendu zuen Behatokiak, «erretiroak tarteko, belaunaldi aldaketa» bat datorrela erakusten duena. Horregatik, hizkuntz eskubideei dagokionez une guztiz erabakigarria dela uste du Behatokiak: «Lan deialdietako hizkuntz eskakizunek baldintzatuko dute etorkizuneko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hizkuntza gaitasuna eta, ondorioz, baita herritarren hizkuntz eskubideak ere».

Aipatu deialdiak, ordea, berme nahikorik eskaintzen ez duela azpimarratu zuen Behatokiak. Horrela salatu zuen Agurne Gaubeka zuzendariak: «Ertzaintzarako 700 lanpostuetatik 238k ez dute profil linguistikoaren derrigortasun datarik; euskara maila izan gabe sar daitezke administrazio publikoan, beraz. Eta gainerako 462 postuetan B2 profil linguistikoa eskatzen da. Udaltzaingoari dagokionez, 57 lanpostuetatik 14k ez dute derrigortasun datarik. Deigarria da, gainera, Gasteizko kasua: 11 postuetatik 7k ez dute hizkuntza betebeharrik».

Gaubekaren esanetan, hizkuntz eskakizun horiek muga dira euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrentzat, «agente guztien jakintza ziurtatu ezean nekez bermatu daitekeelako euskarazko zerbitzua».

Horrez gain, urtero Behatokiak jasotzen dituen herritarren kexak gabezia horren erakusgarri direla nabarmendu zuten. Datuek ere hori erakusten dutela azaldu zuten: «2017an amaitutako Ertzaintzaren euskara planaren arabera, 486 ertzainek soilik zuten Ertzaintzaren bigarren hizkuntza-eskakizuna (C1) egiaztatuta, eta 2.972k zuten lehenengoa (B2a). Beraz, 7.407 ertzainez osatutako plantilla errealetik %51k ez zuten euskarazko gaitasunik egiaztatuta, ezta oinarrizkoena ere».

Eremu horretan aurrerapausoak eman badira ere, «bistan da ez dela nahikoa», nabarmendu zuen Behatokiak. Hori dela eta, eskaera garbia egin zuen Gaubekak: «Lan deialdiek herritarra ardatzera ekarri behar dute eta denon hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte».

«Hamarkada luzeak daramatzagu erakunde publikoetako euskalduntzeari behar bezala oratu gabe, eta, neurri egokiak hartu ezean, nekez bermatuko dira herritarren eskubideak. Horregatik, plangintza mailakatuak egitea alferrikakoa da, ez bada, behintzat, plaza berrietan hasiera-hasieratik derrigortasun datarik ezartzen. Guztiz funtsezkoa da belaunaldi berriei herritarren eskubideetan eta herritarrekiko kalitatezko zerbitzuan oinarritutako eskabideak ezartzea», ohartarazi zuen Behatokiko zuzendariak.