GARA
DONOSTIA

LGTBIfobiaren aurkako finantzaketa urria iker dadin eskatu dute

Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak, Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak eta LGTBIfobiaren aurkako Coruñako Behatokiak ikerketa bat egin dezala eskatu zioten atzo espainiar Estatuko Herriaren Defendatzaileari. Izan ere, ohar baten bidez salatu zutenez, finantzaketa murriztu diete, eta murrizketa horrek LGTBIfobiaren biktimei laguntzeko zerbitzuak, arreta legala, juridikoa eta psikosoziala «mugatzen eta eragozten ditu».

«Salatu behar dugu baliabide ekonomikoez, materialez, giza baliabideez eta baliabide sozialez hornitzen gaituen finantzaketa egokirik gabe, egoera kezkagarria izan daitekeela», ohartarazi zuten. Herriaren Defendatzaileari tokiko, probintziako, autonomia erkidegoko eta Estatuko administrazioetatik jasotzen dituzten laguntzak «egokiak eta proportzionatuak diren eta LGTBIfobiaren biktimen zerbitzu, arreta eta premiekin bat datozen» ikertzeko eskatu zioten.

Amets Martinez de Heredia Lumagorriko presidente eta Ikusgune erakundeko kudeatzailearen arabera, «guztiz onartezina da gorroto delituen eta diskurtsoen goranzko testuinguru batean, bizi dugun osasun krisi larriarekin, LGTBIfobiari aurre egiteko baliabideak murriztea».