GARA
IRUÑEA

Beste lau preso gerturatuko dituzte, horietako bi Puertoko espetxetik

Jon Bienzobas, Aitor Agirrebarrena, Iñaki Etxeberria eta Patxi Markes Puerto de Santa Maria, Topas eta Castelloko espetxeetatik atera eta hurbilago daudenetara lekualdatuko dituzte. Andaluziako kartzelak euskal preso gehien dituena izateari utziko dio eta Logroñokoa izango da lehena. Bestalde, hirugarren gradua eman diote Unai Fanori.

Barne Ministerioko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak atzo jakinarazi zuenez, beste hiru preso hurbilduko dituzte Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara eta bat Euskal Herriratu egingo dute. Joan den larunbatean 240 euskal herritan dozenaka mila lagunek kartzeletako salbuespena behingoz amai dadila eskatzeko egindako mobilizazioen osteko lehen iragarpena izan zen atzokoa.

Puertotik Jon Bienzobas, Dueñasera (Palentzia), eta Aitor Agirrebarrena, Villabonara (Asturias), eramango dituzte. Biak bigarren graduan sailkatuko dira, lehen graduan kartzelaldi luzea egin ondoren. Iñaki Etxeberria Topasetik (Salamanca) El Duesora (Kantabria) igaroko da bigarren graduan, eta Patxi Markes, Castellotik Zaballara, hau ere bigarren graduarekin. Horiez gain, Unai Fano presoari hirugarren gradua eman diotela ere iragarri zuten.

Lekualdaketetako bi Puertotik egingo dira; penintsulako beste muturrean egon arren, orain arte euskal preso gehien zituen kartzela zen; orain Logroño izango da horretan lehena. Hala ere, Andaluziako espetxean hamaikak jarraituko dute.

Urruntzearen aurkako borrokatik hasita, Etxerat-en datuekin egindako mapak bi kokagune nagusi eta aldi berean kontraesankor ditu. Logroñon, Euskal Herriaren atarian, hamahiru preso daude. Puerto de Santa Marian, penintsulako beste muturrean, aldiz, hamaika. Horrela, Errioxako kartzelak Andaluziakoa gainditu du preso kopuruari dagokionez.

Duela hiru urte, Paristik presoak hurbiltzen hasi zirenean, eta Madrilen Pedro Sanchezek «orientazio berria» iragarri zuenean, bakarra zegoen Logroñon eta hogei, Puerton. Bi kartzela horiek, gertukoak eta urrunekoak, euskal espetxeek baino errepresaliatu gehiago hartzen dituzte; izan ere, lauren artean hamasei preso baino ez daude, eta hori kolektiboaren %10era ere ez da iristen. Hala ere, bilakaerari begiratuta, gauzak aldatu egin dira: 2018an bi euskal preso politiko baino ez zeuden Euskal Herrian.

Erlojua, irtenbidearen aurka

Bestalde, Foro Sozialaren Batzorde Iraunkorra bildu zen ostegunean, eta presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbiderako lan ildoaren egoera baloratu zuen, bai gizarte zibilaren inplikazioari dagokionez, bai akordio politiko eta sindikalen esparruan.

Foro Sozialaren esanetan, eragile guztiek ulertu dute aukera hau «aprobetxatu» beharra dagoela. Testuinguru politikoa «hobea» dela baina «erlaxatzerik ez» dagoela azpimarratu zuen, «erlojua konponbidearen kontra doalako eta denborak tasatuta daudelako».

Presoen gaia konpontzearen alde dauden indar guztiak «aktibatu» beharra dagoela azpimarratu zuen. «Alde horretatik, beharrezkoa da eragile politiko eta sindikal guztien artean adostasun espazio berriak bilatzea, dagoeneko dauden adostasun horiek gauzatu ahal izateko, ondo zehaztutako bi funtziorekin: espainiar Gobernuaren aurrean palanka lana egitea, eta espainiar Gobernuari berari laguntzea, arazo hori konpondu nahi ez duten sektoreen aurrean», azaldu zuen Foro Sozialak.

Horregatik, positibotzat jo zuen gai horrek gizarte zibilaren agendan eta agenda mediatikoan leku «garrantzitsua» izaten jarraitzea. Alde horretatik, goraipatu egin zuen Sare, Etxerat, Bake Artisauak-Bake Bidea eta sindikatuek gai hori gizartearen agendan eta mobilizazioen agendan «mantentzeko egiten duten lan izugarria, baita gaur egungo testuinguruan ere».

Ostiralero bezala, preso politikoen herriratzearen aldeko mobilizazioak egin zituzten atzo dozenaka udalerritan: 125 lagun bildu ziren Hernanin, 117 Ondarroan, 9 Gatikan, 60 Durangon, 79 Lekeition, 61 Oñatin, 32 Deban, 42 Bergaran, 20 Usansolon, 83 Lazkaon, 80 Amurrion, 15 Beran, 50 Etxarri-Aranatzen, 59 Arbizun, 30 Berriozarren, 150 Lezon, 105 Iruñean, 380 Gasteizen, 103 Errenterian, 60 Tafallan, 63 Algortan, 45 Oiartzunen, 40 Legorretan...