Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN ENDESA LIGA

Europara begira harro eta lasai jar daiteke Gernika

Aurreneko laurdenetik azkenera jaun eta jabe izan da talde bizkaitarra, Al-Qazeres ahularen kantxan.

AL-QAZERES 38

LOINTEK GERNIKA B. 69


Etxeko lanak eginda uztearen adibide grafikoa izan zen Lointek Gernika Bizkaiak atzo Caceresen egin zuena. Nahi bezala, oinpean ibili zuen Al-Qazeres ahula talde bizkaitarrak eta datorren asteko Europako lehiaketako partidei begira lasai jar daiteke orain.

Gernikarrak Extremadura aldera PCR probak eginda eta jokalari zein entrenatzaile guztiak garbi zirela jakinik iritsi ziren; alegia, buruko min bat gutxiago atzoko partida jokatu eta Valentziako «burbuilan» murgiltzeko, asteartetik ostiralera bitartean Emakumeen Eurocupeko partidekin nahikoa lan izango dute-eta.

Partida ere eroso asko joan zen bizkaitarrentzat. Angela Bjorklundek fin ekin zion saskira begira eta akordatzerako 2-11 aurretik ziren Mario Lopezenak. Hutsartea eskatu zuen orduan etxekoen entrenatzaileak, baina alferrik, gernikarrek aldea handitu baizik ez zuten-eta egin. Belen Arrojo eta Nogaye Lok errebotean erakutsi zuten kemenari esker, 7-21 amaitu zen aurreneko laurdena, partida ia erabat erabakita utziz.

Minutuek aurrera egin ahala, jipoia are eta handiagoa izan zen. Hala, Gernika Bizkaia erlaxatzerako 9-31 irabazten zihoan. Etxekoek, Christinaki eta Jones buru hartuta, puntu gutxi batzuk sartu zituzten, baina barrutik hain zen nagusi talde bizkaitarra, defentsa apur bat estutzea nahikoa izan baitzuen atsedenaldira 18-39 iristeko.

Estutasunik ez

Lau laurdenak irabazi zituzten bizkaitarrek, nahiz eta Roso Buch, Marta Alberdi eta Naiara Diezentzat ez zen minuturik izan. Vicky Llorente eta Christinaki Gernikako jokalari ohiak saiatu ziren markagailua apur bat itxuratzen, baina Mario Lopezen taldeak ez zuen inolako gupidarik erakutsi.