GARA
IRUÑEA-bilbo

«Urtetik urtera okerrago»

Atzo, Bilbon eta Iruñean egin zituzten mobilizazioetan, gehiengo sindikalak iaz euren lanpostuetan hil ziren langileei omenaldia egin zien. «Urtetik urtera, laneko istripu eta gaixotasun kopuruak hobera egin beharrean okerrera» egiten duela ere azpimarratu zuten.

Sindikatuek 2020ari buruz jaso dituzten datuak behin-behinekoak dira oraindik, baina joera argia da: «Lan prekarioen ondorioz, hildako kopurua urtetik urtera handiagoa da». Bilbon banatu zuten komunikatuan (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek sinatua) Hego Euskal Herrian gutxienez 66 pertsona (56 EAEn eta 10 Nafarroan) euren lanpostuetan hil direla adierazi zuten, eta gogorarazi, Joaquin Beltran oraindik desagertuta dagoela Zaldibarko zabortegian otsailaren 6tik. LABek egindako zenbaketaren arabera, Euskal Herri osoan 71 izan dira hildakoak.

Gaineratu zutenez, ez da ezagutzen «zenbat eta zenbat langile zendu diren lan gaixotasun bategatik datu ofizialik ez baitago baina, ikerketa guztien arabera, lan istripuz hildakoen ehunekoa baino altuagoa da». Adibidez, «koronabirusaren ondorioz zenbat langile hil diren ere ez» dakigula esan zuen, eta «amiantoarekin lotuta» gutxienez 28 pertsona hil direla. «Datu horiek eskandalagarriak dira; are gehiago, jakinda laneko istripuak, laneko gaixotasunak eta lanarekin lotutako kalteak ekidin daitezkeela –salatu zuten berriro–. Gurea bezalako gizarte moderno eta garatu batean, eskura dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, datu horiek onartezinak dira».

Bilbon manifestazioa Moyua plazatik abiatu zen Lakuako ordezkaritzaren aurrean, Kale Nagusian, bukatzeko. Iruñean, Nafarroako Legebiltzarretik Gobernuaren egoitzaraino joan zen protesta.

Nafarroako hiriburuan, bertaratutakoek, krabelinak zeramatzatela, hiru ilara osatu zituzten, martxaren buruan lau emakumek zeramaten kartoizko hilkutxa bati jarraituz. “Prekaritatea hiltzailea” zioen pankarta bat ikus zitekeen, eta parte-hartzaileek zeramatzaten beste kartel batzuetan, berriz, “Gure osasunaren defentsan” leloa. Diputazio jauregiaren aurrean jarri zuten hilkutxa, eta haren gainean utzi zituzten loreak.

Bozeramaileetako batek adierazi zuenez, «heriotza horiek neurri eraginkorrak hartuz ekidin zitezkeen, baina errealitatea kontrakoa da. Prebentzio Legea onartu eta 25 urtera, enpresek urtero milioi bat eurotik gora pilatzen dituzte ez betetzeagatiko zigorretan, eta istripuen %40 segurtasun-neurrien faltagatik gertatzen dira».

Horregatik, besteak beste, Lakuako eta Nafarroako gobernuei Lan Ikuskaritzako langileak gehitzeko eskatu zieten.