EDITORIALA
EDITORIALA

Eskua luzatuta soilik ezin da Trumpekin moztu

Aizkorakada jo eta moztu; hori da Joe Biden AEBetako presidente hautatuak kargua hartu eta ordu gutxira egin nahi duena. Agindu zehatzak emanez, presidentearen eskumen diren agindu exekutiboen bidez, Donald Trumpen politikekin hausten duela erakutsi nahi du, lehen unetik. Espero zitekeen erabakia da. Horrekin soilik, baina, Bidenek eta AEBek ez dute Kapitolioaren kontrako erasoak ikusgarri egin duen desafioa irabaziko. Trumpismoarekin amaitzeko lauzpabost agindu exekutibo baino gehiago beharko dira; areago, aintzat izanda Konstituzioaren kontra matxinatzeagatik Senatuak Trump epaituko duela eta horrek bere jarraitzaileak sutuko dituela eta Bidenen agendari itzala egingo diola. Eta zauriak sendatzera etorri den presidente berriaren kontakizuna azkar gezurtatu dezake.

Ez da erraza zauriak eta zatiketa itxi behar direla aldarrikatzea eta hauteskundeen emaitzak baliogabetzeko kolpe bat ematen saiatu den mugimenduarekin bakea egitea. Zer egin, hortaz, trumpismoarekin? Trumpekin ikusi da, faxista itxura badu eta faxista gisa jarduten badu errealitatean hala izan daitekeela. Egia-ostea faxismoaren aurrea izan ohi da, eta Trump, oso nabarmen, egia-ostearen, edo bere egia bakarren aldeko, presidentea izan da. Egia da, halaber, «faxista» hitza eztabaida politikoan sartzen denean, armak hartzeko irrintzi baten forma hartzen duela, gerra deklarazioarena. Faxismoarekin ez dagoelako erdibiderik eta atzera egiterik, bere arrazoiak entzun eta ulertzen saiatuz elkarkidetzarako tarterik.

Sare sozialek armatu eta desarmatu dute Trump. Bere gezur eta zalaparten hedapen azkarra komertzializatuz diru asko eta abantaila politiko handiak irabazi dituzte konpainia teknologiko erraldoiek, botere eta inpunitate itzela. Berria ez den arazo larri honen berri ere eman du Trumpek. Erronka horiek guztiak eta bost dauzka Bidenek zain. Sakonekoak, mehatxu itzelak denak. Trumpistei eskua luzatuta soilik ezingo du. Ukabilak ere beharko ditu.