GARA
DONOSTIA

«Ane» eta «Akelarre», euskal zinemaren izenak Goya sarietan

Bere lehen lan luzearekin ibilbide oparoa egiten ari da David Perez Sañudo bilbotarra, eta Goya sarietarako hautagaitza nagusiak lortu ditu «Ane» euskarazko filmari esker. Film onena, zuzendaritza berri onena eta emakumezko aktore protagonistarena, Patricia Lopez Arnaizen paperari esker. Sari bera lortzeko lehiatuko da Amaia Aberasturi, «Akelarre»-n egindako lanagatik. Pablo Agueroren lanak, hain zuzen, bederatzi izendapen lortu ditu guztira.

Euskal zinemak leku esanguratsua lortu du datorren martxoaren 6an Malagan banatuko diren Goya sarietarako. Ordurako, bide emankorra eginda iritsiko da David Perez Sañudo bilbotarra: euskaraz egindako “Ane” filmak harro egoteko arrazoiak baino ez dizkio eman. Kritikaren zein ikusleen berotasuna jasoz estreinatu zen Donostiako 68. Zinemaldian joan den irailean eta han bertan jaso zituen euskal zinemaren Irizar saria, bai eta Euskal Herriko gidoigileen elkarteak eta SGAE Euskadi Kontseiluak ematen duten euskal gidoi onenarentzako saria. Orain, film onenen artean sailkatua izan da aipatu sarietarako. Kategoria berean izango ditu lehiakide “Adu” (Salvador Calvo), “La boda de Rosa” (Iciar Bollain), “Las niñas” (Pilar Palomero) eta “Sentimental” (Cesc Gay) filmak ere.

Patricia Lopez Arnaizek “Ane” filmean egindako paper protagonistagatik Forque saria jaso berritan iragarri zuen zinema akademia espainiarrak, hain zuzen, gasteiztarraren hautagaitza emakumezko aktore protagonista onenaren sailean. Aldiz, Perez Sañudoren aukerak ez dira hor amaitzen, guztira bost izendapen bildu baititu: aipatutakoez gain, zuzendaritza berriari, emakumezko errebelazio aktore onenari (Jone Laspiur donostiarra) eta egokitutako gidoirik onenari, David Perez Sañudok eta Marina Pares Pulidok elkarlanean egin duten lana aitortuz, horrenbestez.

Filmak 2009. urtera garamatza, abiadura handiko trenaren lanen testuingurura, eta bertan segurtasun-zaintzailea den Lide ama eta desagertu egingo den Ane alabaren bizitzetara. Egunak badoaz eta nerabearen berririk gabe segitzen du. Aneren gauzen artean bilatuz, konturatuko da ez duela benetan ezagutzen.

Beste izen propio batzuk badira atzo iragarri zen zerrenda luzean, eta, dudarik gabe, tartean daude Pablo Aguero zuzendari argentinarra eta Euskal Herrian filmatu duen “Akelarre” lan luzea. “Adu” filmak jaso ditu izendapen gehien, hamahiru zehazki, eta Aguerok, bederatzi, Pilar Palomero zaragozarrak “Las niñas” lan luzearekin lortu dituenak bezainbeste.

XVII. mende hasierako Euskal Herrian girotutako “Akelarre”-k lehen lerrora ekarri ditu sorginkeria leporatuta jazarpena eta heriotza sufritu zuten emakumeen kasuak. Emakume gazteen artean antzeztutako lan koraletik zinema akademiak Amaia Aberasturirena goraipatu du, eta Anaren azalean egindako antzezpenagatik saritua izan daiteke. Bi emakumezko aktore euskaldun, beraz, sari bera lortzeko lehiatuko dira 2021eko edizio honetan.

Era berean, zinemaren akademia espainiarrak sari hauetarako izendatu du “Akelarre”: argazki onena, jatorrizko musika onena (Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik egina), soinu onena, zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), jantzigintza diseinu onena (Nerea Torrijos), makillaje eta ile-apainketa onena, efektu berezi onenari saria eta ekoizpen zuzendaritza onena.

Aipaturiko zuzendariei Juanma Bajo Ulloa batu zaie, “Baby” bere azken filmari esker. Zuzendaritza onenaren saria eskuratzeko aukera izateaz gain, jatorrizko musika onenarena ere jaso dezake. Filmerako bereziki Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte musikariek konposatua, Sitgeseko jaialdian jaso zuten soinu banda onenaren saria, han estreinatu baitzen.

Euskal lanen zerrenda “Solo son peces” izenburuak ixten du, Zinebi jaialdian Sail Ofizialean aurkeztu zena. Ana Sernak eta Paula Iglesiasek dokumental labur onenaren kategorian lortu dute izendapena kasu honetan.

Goya sariak banatzeko gala berezia izango da aurten, koronabirusak ezinbestean baldintzatua. Iragarri dutenez, sarietarako hautagaiak soilik izango dira eta beste ezerk eragozten ez badu, «egin egingo da».