Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN EUROCUPA

Gernikarik sendoena behar da Europan aurrera egiteko

Gaurtik ostiralera, hiru partida jokatu beharko ditu. Bi lehenengoak bakarrik pasatuko dira hurrengo fasera.

PCR probetan, FIBAk eskatzen duen bezala, emaitza negatiboa emanda, Roso Buch justuan, baina talde barruan dela, Marta Alberdi –azterketen erruz– eta Margaret Roundtree –pasaporte kontuengatik– jokatzeke direla, prest dago Lointek Gernika Bizkaia Emakumeen Eurocupean laugarren urtez parte hartzeko. Eta aurreko urteetan egin bezala, pauso bat aurrera emateko aurten ere. Iaz Europari agur Valentzian esan zion, eta aurten Valentzian bertan lehenengo pausoa ematea du xede.

Alabaina, aurreko urteetan ez bezala, ez dago itzuli bikoitzeko ligaxkarik, lau egunetan jokatu beharreko hiru partida baino. F multzoari loturiko laukotea sendoa da gero: batetik, Estatu frantseseko bi talde: La Roche Vendee eta Carolo Basket, eta bestetik, aurkari ezagun bat, Kopan ere bidelaguna: Emakumeen Endesa Ligako Tenerife. Hurrengo fasera aurreneko bi sailkatuak pasatuko dira.

«Azkenaldian pilatu ditugun garaipenen ostean, gogotsu ekingo diogu Valentziako fase honi. Jokalari guztiak ez dira jokatzeko moduan izango, baina ez da aitzakia», adierazi zuen atzo bertan Mario Lopez gernikarren entrenatzaileak, taldea Valentziara abiatzeko unean.

Gaur bertan 15.00etan izango dute aurreneko dema bizkaitarrek, La Roche Vendeeren aurka. «Partida bakoitzak garrantzi handia izango du eta denak ere oso lehiatuak izango direlakoan nago. Aurten talde ‘luzeagoa’ eratu dugu eta hamar baliabide on ditugu jokatzeko. Beraz, nik uste jokalariek fase honek eskatzen duen maila fisikoa eman ahal izango dutela», gaineratu zuen entrenatzaile bizkaitarrak.

Atsedena eta lehia

Emakumeen Ligan 21 jardunaldi jokatu diren bitartean, Frantziako Ligan 10 baino ez dituzte jokatu. Hala, hilabete inguru da La Roche Vendee eta Carolo Basketek beren azken norgehiagokak jokatu zituztela. Ikusi egin behar hauek biek lehiaketa faltarik nozitzen duten ala ez.

Dena den, badute talenturik sobera. Esaterako, gaur arratsaldeko aurkaria 2017an iritsi zen elitera eta Eurocupa jokatzen ari da dagoeneko. Egia da Eva Lisec esloveniarra galdu duela, Errusiara joan baita, baina, Tiffany Clarke jamaikarrak 13,6 puntu eta 4,9 errebote pilatzen ditu. Horrez gain, Ornella Bonkale 23 urteko hegalekoak 12,6 puntu eta 5,1 errebote lortzen ditu.

Gaurko partidaren ostean atsedena izango du Lointek Gernika Bizkaiak eta ostegunean izango du bigarren lehia: Carolo Basketen aurka, 18.00etan. Fisikoki are aurkari indartsuagoa da Charleville-Meziereseko taldea, teorian fase honetako aurkaririk zailena. Evelyn Akhator pibot nigeriarra da bere izar nagusia, Frantziarekin Europako txapeldunorde den Endene Miyem hegal-pibota ahaztu gabe, edo Serbiarekin 2015ean Europako txapeldun izan zen Sasa Cado eskolta ere aintzat hartuta.

Ostiral gauean amaituko dute bizkaitarrek egitekoa: 21.00etatik aurrera Ciudad de La Laguna Tenerife taldea izango dute aurkari. Joan den abenduraren 12an Malosten 85-62 nagusitu ziren bizkaitarrak. Asia Taylorrek 23 puntu saskiratu bazituen ere, hasi eta buka nahi bezala eraman zuten Mario Lopezenek neurketa; bost jokalarik 10 puntu edo gehiago lortu zituzten, erreboteetan ez zen kolorerik izan eta 18 baloi galdu zituzten Tenerifekoek.

Baina ordutik hona Tenerife asko aldatu da: Loyd galdu arren, Farhiya Abdi hegaleko suediarra eta Krisztina Raksanyi eskolta iritsi dira, lehen baino talde sakonagoa osatuz.

Beraz, Europan aurrerapausoa eman nahi badu, Gernika Bizkaiak bere itxurarik sendoena erakutsi beharko du.

Araskiren aurkako euskal derbia otsailaren 24an jokatuko da azkenean

Bi partida astebetean jokatzea asko bada, zer esan hiru neurketa jokatzea egokituz gero! Eta pozik egon, lau ez badira! Izan ere, asteburuon Lointek Gernika Bizkaiak eta RPK Araskik elkarren kontrako euskal derbia jokatu behar zuten Malosten.

Ulertzekoa denez, bizkaitarren Europako ibiliak atzeratu egin du Malosteko partida: otsailaren 24an, asteazkena, jokatuko dute talde horiek biek, 19.00etatik aurrera.

Joan den urriaren 24an jokatu zuten elkarren kontra lehendabiziko itzulian, Mendizorrotzan. Aurreneko laurdenean oso gaizki hasi baziren ere, bizkaitarrek azkenean 54-60 irabaztea lortu zuten, Laura Corneliusen hamaika puntu eta sei asistentziei esker eta Angela Bjorklunden hamalau puntuei eta zortzi erreboteei esker.

A. G.