D.L.

Guatemalako Poliziak Hondurasko etorkinen karabana kolpeka geldiarazi du

Guatemalako Poliziak eta Armadak gas negar- eragilea bota eta gogor jipoitu zituen, igandean, Hondurastik karabanan heldutako milaka etorkinak, AEBetarako bidean geldiarazteko.

6.000 etorkin inguru Vado Hondoko herrian blokeatuta daude, Chiquimulako departamenduan, Poliziak igandean gas negar-eragilearekin eta kolpeka geldiarazi ondoren.

Etorkin batzuek Poliziaren eta Armadaren errepresiotik mendialdera ihes egin zuten, zeramaten guztia lurrean utzita. Bertako osasun langile batek zauritu asko izan direla adierazi zuen.

Gehienek bertan gelditzea eta belaunikatu eta otoi egitea erabaki zuten, errepide ertzean Poliziari pasatzen uzteko eskatuz.

Karabana 9.000 etorkin inguruk osatzen zuten ostiralean, Honduraseko eta Guatemala arteko El Floridoko muga zeharkatu zutenean. Poliziak ez zuen orduan istiluen aurkako materialik eta errefuxiatu oldeak aurrera egin zuen.

Bi egunean 25 bat kilometro zeharkatzea lortu du karabanak Guatemalan zehar, hiriburutik 200 kilometro ekialdera zegoela gelditu duten arte.

Beste 3.000 etorkinetatik banaka batzuek, nork bere kabuz, aurrera egitea lortu dute, baina gehienek atzera egin behar izan dute eta jaioterrira itzularazi ditu Poliziak. 1.000 inguru, horietatik 163 haurrak, kamioietan eta autobusetan mugaz bestaldera itzularazi dituzte.

«Hemen daude karabana osatzen duten gehienak eta ez diegu pasatzen utziko», ohartarazi du Poliziako arduradun batek.

Guatemalako Armadak 5.000 soldadu bidali ditu herrialdeko 7 departamendutara eta milaka poliziaren laguntza du karabanaren martxa ekiditeko.

Covid-19aren aitzakia

Migrazioen Guatemalako Institutuko zuzendariak, Guillermo Diazek, «segurtasun nazionala auzitan» dagoela ziurtatu du eta covid-19an negatibo eman duten frogarik gabe ez dietela jarraitzen utziko ohartarazi du. Osasun Ministerioak karabanako etorkinen artean 21 kasu atzeman direla esan du.

Karabana San Pedro Sula hiritik atera zen, Honduraseko hiriburu industriala zenetik. Pobreziatik eta 9 milioi biztanle dituen herrialdeak pairatzen duen indarkeriatik ihes egiten ari dira. Egoerak okerrera egin du, gainera, iazko azaroan “Eta” eta “Iota” urakanen hondamendia gertatu zenetik.

«Ez dugu ez lanik, ez eta jatekorik ere; beraz, AEBetara joatea erabaki dut», azaldu du Dania Hinestrosak (23 urte) bere alabatxoa ondoan duela. Etxe bateko garbiketa lanak egiten zituen gazteak eta 3 urteko seme bat eta 4 urteko bikiak utzi ditu Hondurasen.

Guatemalan barrena 450 kilometro inguru zeharkatu ondoren, etorkinen asmoa hego-mendebaldean dagoen Tecun Uman mugatik Mexikora igarotzea da, Gobernuko iturriek ziurtatu dutenez.

Esperantza izpiei helduz

«Bihotza apurtu zaigu abiatu garenean. Nik neuk senarra eta hiru seme-alaba utzi ditut atzean», esan du negarrez Jessenia Ramirezek (36 urte), Joe Biden AEBetako presidente berriak «aukeratxo bat» ematen diela sinetsi nahian.

Ez da etorkinen artean esperantza galdu ez duen bakarra, nahiz eta AEBetatik iristen zaizkien mezuak argiak bezain gupidagabeak diren. «Ez galdu zuen denbora eta dirua eta ez jarri arriskuan zuen segurtasuna eta osasuna», ohartarazi die Muga Zerbitzuen arduradunetako Mark A. Morganek.

Donald Trump presidenteak larrialdi egoera ezarri du ostiraletik Mexikoko mugan, 2019ko otsailean aurreneko aldiz egin zuen moduan. Etxe Zuriak «neurri berriak» iragarri ditu, gainera.

Mexikoko Gobernuak ere, ezkerrekoa izanagatik, «etorkinen karabanak legez kanpo sartzea galaraziko» duela ohartarazi du eta beste 500 polizia bidali ditu mugara.

2018ko urritik hona dozena bat karabana atera dira Hondurasetik AEBetarako bidean, baina guztiak geldiarazi dituzte Guatemalako, Mexikoko nahiz Ameriketako Estatu Batuetako indar armatuek.