GARA
bilbo

Glovoko langileen «lan harremana aitortzea» eskatu dute LABek eta ELAk

Datozen egunetan Bilboko eta Iruñeko epaitegiek Glovoko langileak autonomoak edo soldatapekoak diren ebatziko dute. LAB eta ELA zenbait langileren defentsa gisa arituko dira, eta argi dute langileok enpresarekin duten «lan harremana aitortzea» beste aukerarik ez dela.

LAB sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, Bizkaiko Glovo enpresako langileen epaiketa laster egingo dela eta. Sindikatuak adierazi zuenez, asteon deitu dituzte langileak euren ordezkariak izendatzeko.

LABek gogora ekarri zuenez, Bizkaiko Glovoko 200 langile baino gehiago Lan Ikuskaritzak babestutako epaiketa kolektibora deituta daude, eta, beraz, sindikatuaren arabera, «sektorean lan harremana aitortzeko borrokan funtsezko puntu baten aurrean gaude». Epaiketara deitutako hainbat langileren defentsa gisa arituko dela iragarri ostean, LAB sindikatuak azken urteetan Glovoko langileen alde aurrera eramandako lanaren garrantzia nabarmendu zuen.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak eta Estatuko beste toki batzuetako auzitegiek jada egin duten bezala, Glovo Bizkaiko langileen «lan harremana aitortzea» beste aukerarik ez dagoela irmo defendatu zuen LABek. «Argi daukagu borroka hasi baino ez dela egin. Langileok enpresarekin duten lan harremana aitortzea lehen urratsa baino ez da sektoreko lan baldintzak hobetzeko», nabarmendu zuen LABek. Halaber, beharrezkotzat jo zuen «Euskal Herrian antolaketa eta borroka dinamika iraunkor bat abian jartzea eskubideak konkistatzeko, hala nola autonomoen kuotak itzultzea, ordutegiak hobetzea, soldatak hobetzea eta lan osasuna bermatzea».

Sindikatuak azpimarratu zuen borroka hau ez dela soilik epaiketa kolektiboan parte hartzen duten langileena. «Uberizazioaren fenomenoak, eta, beraz, beste plataforma digital batzuetan ere horrelako lan harremanak ugaritzeak, zuzenean egiten die eraso langile klasearen eskubide guztiei», adierazi zuen. Hori dela eta, LABek Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta espainiar Gobernuari eskatu die lan erregimen orokorra aplika diezaietela sektoreko langileei, «baita lan ikuskaritzak eta beste mekanismo batzuk indartzea ere enpreson iruzurra kontrolatzeko».

Iruñeko epaiketa

Datozen egunetan, Iruñean ere epaiketa izango da Gizarte Segurantzak Glovo enpresan banaketaz arduratzen diren langileen lan harremana lan kontratu baten arabera arautu behar duen edo ez ebazteko. Kasu honetan, ELA sindikatua arituko da epaiketan bere afiliatuen ordezkari gisa, soldatapekoen lan harremana aitor diezaietela lortzea xede. Sindikatuaren ustez kontuan hartu behar da langileok «abusuzko enpresa-posizio baten biktima» direla eta beraien interesak ere babestu behar direla, «erabateko lan prekaritate egoeran» baitaude uneotan.