Xole ARAMENDI ALKORTA
DONOSTIA

Hauskortasunarekin adiskidetu da Olatz Salvador lan berrian

Hiru urte joan dira «Zintzilik» lan arrakastatsuak argia ikusi zuenetik. Duela bi urte ekin zion kantu berriak idazteari eta askotan ihes egiten diogun hori, hauskortasuna, izan du bidelagun. «Aho uhal» hamabi abestiz osatutako lana aurkezteko bira bihar hasiko du.

“Aho uhal” izenburupean ikusi du argia Olatz Salvadorren bigarren lanak. «Paradoxikoa da. Gazteleraz ‘gidaritza’ iradokitzen du (riendas). Aldiz, euskaraz, justu kontrakoa, ‘mozala’», azaldu zuen atzo kazetarien aurrean egindako aurkezpenean.

Duela bi urte ekin zion sortze lanari. Beldurrak uxatu beharrean izan da. «Lehenengo lanarekiko alderaketagatik», aitortu zuen. Oparoa da emaitza, denera hamabi abesti bildu baititu (“Gaua” sarrera kantua eta Ivan Ferreirorekin abestutako “Promesas que no valen nada” bonus track-a barne). Une lasaiak, intimoak, gaueko iluntasunari eta ordu txikiei lotutakoak, momentu indartsuekin, gitarrei protagonismoa uzten dietenak, uztartuz.

«Hauskortasuna oso presente eduki dut abestiak sortzerakoan, sentimendu horrekin adiskidetzeko diskoa da», adierazi zuen abeslariak aurkezpenean.

Izurriaren aurretik idatzitakoak dira abestietako batzuk –garai zailoi aurreratuz–, pandemia betean besteak. «Ez da urte erraza izan eta une ona da nire barne-iluntasunarekin adiskidetzeko. Eta abestiek ematen didate horretarako bidea», gaineratu zuen Salvadorrek.

Aretxabaleta (urtarrilak 21), Gasteiz (urtarrilak 28), Ondarroa (urtarrilak 31), Bergara (otsailak 4), Donostia (otsailak 7), Zarautz (otsailak 11), Barakaldo (otsailak 18), Amurrio (otsailak 25), Elorrio (otsailak 27) eta Irun (otsailak 28) dira biraren lehenengo geldialdiak. Zaleak zain ditu eta hainbat kontzertutan sold out kartela eskegita du dagoeneko Salvadorrek.

Nabarmentzekoa da lan berrian izan dituen kolaborazioak. Ivan Ferreiro, Ane Labaka, Alaia Martin, La Mare, Natali… eta Rozalen. Albaceteko kantautoreak euskaraz abestu duen kantuak, ‘Ahots hari’ izenekoak, irekitzen du diskoa. «Eskertzekoa da euskara aintzat hartu izana, askotan Euskal Herritik kanpo desagertu egiten dena», azpimarratu zuen atzo Salvadorrek.

Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Pablo Novoa (gitarra, programazioak, sintetizadoreak) eta Mattin Saldias (gitarra) izango ditu lagun zuzenekoetan kantari donostiarrak.

Pablo Novoak ekoitzi du diskoa. «Oso eroso sentitu naiz prozesu guztian. Inplikazio handia erakutsi du, baita giza kalitatea ere, eta asko eman dio lanari. Abestien alde egin dugu lan, horregatik suertatu da hain emankorra», nabarmendu du.

Pandemia garaiek baldintzatutako prozesua izan den arren, gustura ageri da disko berriarekin. Haritz Harreguyren estudioan grabatu dute.

Pozik agertu da Salvador inguruan izan dituen kideekin egindako elkarlanarekin. Letra gehienak berak idatziak dira baina Ane Labaka eta Alaia Martinen laguntza ere izan du. Abesti bana idatzi dute bertsolariek. «Asko gustatu zait hitzekin nola jolastu duten», esan zuen.

Erreferentziaz beteta dator diskoa: Cortazar, Elvira Sastre, Maite Larburu, Gatta Catana....

Garapen betean ikusten du bere burua. «Nire esentzia hor dago, baina eboluzioa badago, nahiz hori entzuleek esan behar duten». Airaka zigiluarekin eman du argitara “Aho uhal”. Biak elkarren eskutik sortu ziren eta halaxe jarraitzen dute. Iñaki Larrañaga argitaletxeko ordezkariaren esanetan donostiar kantariaren «loraldia» da diskoa. «Eklektikoa da lana, paleta zabala erakusten du. Bere ibilbidean egonkortu egin den bakarlaria da», kontatu zuen.

Ausarta iruditu zaio Larrañagari hamabi abestiz osatutako lana kaleratzea. «Gaur egungo joera sei-zazpi kantu argitaratzea da eta erabaki ausarta da Olatzena. Ez da ohikoa eta asko esaten du bere alde», esan zuen.