Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN EUROCUPA

Lointek Gernika Bizkaiak, bikain, La Roche Vendee menderatu du

Lehen laurdenean 29-16 ihes egin du talde bizkaitarrak eta, itxuraz, bihar Carolo Basketen aurka erabakiko da F multzoko lidergoa.

Hiru partida bakarrik dituen fase batean nahitaez ongi hasi beharra dagoela esan gabe doa. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak atzo, F multzoko bere aurreneko norgehiagokan, La Roche Vendee 82-67 mendean hartu izana oso albiste ona da. Gernikarrek aurreneko laurdenean 29-16 alde egin zuten eta, atsedenaldira 47-38 iritsi arren, hirugarren laurdenean 23-14ko partzial bati esker partida beti nahieran eraman ahal izan zuen.

Jokatu zuten jokalari bizkaitar guztiek saskiratze bat lortu zuten gutxienez, baina 22 punturekin Angela Bjorklund izan zen saskiratzaile onena; Milica Ivanovicek, berriz, 16 puntu lortu zituen. Talde frantsesak hainbat defentsa eta «amarru» ezberdin saiatu arren –buruz buru, zonakako defentsak, mistoak...–, ez zuen inola ere jokalari estatubatuarra geldiarazten jakin.

Ondorioz, F multzoko faseari bikain ekin dio Lointek Gernika Bizkaiak. Aurrez, eguerdian jokatu zen partidan, Carolo Basketek egurra eman zion Teneriferi, 59-77, eta F multzoko lidergoa eskuratu zuen. Ondorioz, badirudi bizkaitarrek eta Carolo Basketek bihar 18.00etan jokatuko duten partidako irabazlea izango dela Valentziako «burbuila» honetako irabazle nagusia.

Gernikarren garaipena, dena den, ez zen lanik egin gabe iritsi. Hasiera batean, Tiffany Clarke geldiarazten nahikoa lan izan zuten Mario Lopezenek, nahiz eta erasoan aldea berehala ireki. Naiara Diez kapitainak titularrek egindako hasiera bikainari bi hirukorekin eman zion jarraipena eta hala iritsi zen partida 29-16ko emaitzaz aurreneko laurdenaren amaierara.

Kezka eta ihesaldia

Bigarren laurdena ondo hasi zen, Roso Buch osatu berriari esker 33-16 aurreratu baitzen Gernika Bizkaia. Baina Heriaud jokoan sartu zen eta Gernika Bizkaiari saskia aurkitzea asko kostatzen hasi zitzaion. Laurdenaren azkenera 3-10eko partziala lortu eta frantsesak atsedenaldira 47-38 iritsi ziren.

Atsedenak on egin zion talde bizkaitarrari. Hirugarren laurdena 15-6ko partzial batekin hasi zuen eta handik aurrera, La Roche Vendee lanean ahalegindu bazen ere, partida kontrolpean izan zuen Gernika Bizkaiak. Frantsesak azken minutuetan 79-67 hurbildu baziren ere, Bjorklunden hiru puntuk errematea jarri zioten partidari.