Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
ESTI AIZPURUA
EIBARKO JOKALARIA

«Talde guztietan izan dut ikasteko eta disfrutatzeko aukera»

Gogorra zelaian, atzelari onei dagokien bezala, diskrezioa nahiago du Esti Aizpuruak aldagelako dutxatik pasa eta gero, harrotzeko arrazoiak izan badituen arren: hamaikagarren denboraldia betetzen ari da Lehen Mailan eta lau euskal talde desberdinen kamiseta defendatuz egin duen jokalari bakarra da. Eibarrera heldu aurretik, Realak, Oiartzunek eta Athleticek gozatu zuten bere futbolarekin.

Lehen Mailako lehen itzulia Eibarrek eta Realak jokatuko duten derbiarekin amaituko da. Lagun asko bilduko dira Unben: taldekide ohiak, selekzioko lagunak, herrikideak... eta baita derbi gehien jokatutako jokalarien artean dagoen Esti Aizpurua ere, abenduan orkatilan sufritu zuen lesioaren ondorioz larunbateko lehia harmailatik jarraitu beharko badu ere.

Realean zazpi urte, Oiartzunen bi, Athleticen hilabete batzuk, berriro Oiartzunera eta orain Eibarren. Eta denekin Lehen Mailan jokatu duzu. Markako ibilbidea.

Bai, horrela begiratuta xelebrea dirudi. Baina horrela etorri dira gauzak eta oso pozik nago. Etapa guztiak desberdinak izan dira, oso talde desberdinak dira, baliabide handi, txiki eta ertainekoak, garaiak ere aldatzen joan dira... Atzera begiratu eta egindakoarekin pozik naiz. Une gogorrak egon badira ere, talde guztietan disfrutatzeko eta ikasteko aukera izan dut eta denek utzi dizkidate bizipen onak.

Talde desberdinak eta esperientziak ere, askotarikoak.

Bai, baita gure bizitzan etapa desberdinak pasatzen ditugulako ere. Reala nire herriko taldea da, Lehen Mailan jokatzeko aukera eman zidan... Txikitako ametsa bete nuen. Oiartzunera joatean beste etapa bat hasi nuen, lanean ere hasi nintzelako; gogorragoa izan zen alde horretatik, baldintzak desberdinak ziren... Baina Lehen Mailara igotzearen poztasuna izan genuen eta talde apalekin lortzen diren sariek xarma berezia dute. Athleticeko etapa ez zen erraza izan, pertsonalki ere une txarra pasa nuelako. Baina ez dut kexarik tratuarekin, esperientziarekin, emandako aukerarekin... Gaizki pasatu nuen baina, gerora aztertuta, positiboki baloratzen dut.

Handik Oiartzunera bueltan eta, denboraldi amaieran, erretiroa. Bi urte egon zinen jokatu barik Eibarrek fitxatu arte...

Eten bat behar nuen, baztertxo batera joan. Ez nuen disfrutatzen. Ondo etorri zitzaidan eta Eibarren deia jaso nuenean konturatu nintzen ez nuela nire karrera horrela amaitu nahi. Eskaintza polita zen, etxean, proiektu polita, lagun askorekin... Eta, aldi berean, erronka handia; beldur nintzen, ez nekielako gai izango ote nintzen bi urte jokatu gabe egon eta gero exijentziari erantzuteko. Baina urratsa ematea erabaki nuen eta ez naiz damutzen.

Itzuli zinenetik gauza asko gertatu dira, baina erabakiarekin asmatu zenuela esan daiteke.

Bai, arraroa eta gogorra izan da. Denentzat, oro har. Futbol hutsari dagokionez ere, iaz lesio muskular asko izan nituen, gero konfinamendua... eta igoeraren poza! Aurten, orkatilan lesionatu arte, oso gustura aritu naiz, minutu asko ere izan ditut... Gainera, taldea egiten ari den denboraldi bikainarekin ere asko disfrutatzen ari gara...

Hori da hitza, Eibarrek «disfrutatu» egiten duela ematen baitu. Arrakastaren gakoa hori da?

Gakoetako bat bai behintzat. Igo berrien ilusioaren bultzada nabaria da. Ondo hasteak, lehen partida irabazita, ilusioa areagotu zuen; presioa kendu zigun eta udatik egindako lanean gehiago sinistea ekarri zuen. Horrek guztiak lagundu egiten du, noski, baina, hori bai, oinarrian beti, beti, lana dago. Eta gure kasuan ere hala da.

Laburrean

Jardunaldia. Asteburuan itzuliko da Liga, lehen itzuliko azken jardunaldiarekin. Larunbatean, Eibarren eta Realaren aurkako derbia hartuko du Unbek (11.00, Gol). Athleticek, berriz, Santa Teresa bisitatuko du (12.00).

Eguneraketa. Asteburuan atzeratutako hiru partida jokatu ziren Lehen Mailan: Madril 4 - Santa Teresa 0; Sevilla 0 - Rayo 0; eta Espanyol 1 - Sporting 1. Bihar Madril-EDF eta Bartzelona-Rayo partidak jokatuko dira. Guztira 21 lehia atzeratu dira lehen 15 jardunaldietan: horietatik 11 jokatu dira jada, sei hurrengo asteotan jokatuko dira eta gainerako bostak noiz izango diren ez da erabaki oraindik ere (Eibar-Bartzelona eta Reala-Real Madril tartean).

Txapeldunak. Atleticok Espainiako Superkopa eskuratu du, finalean Levante aise menderatuta (0-3). Italian Juventus nagusitu da, finalean Fiorentina gaindituta (2-0).

Entrenatzaileak. Atletico harrigarriki azkarra izan bazen Jose Luis Sanchez Vera aulkian jartzeko, Betisek ia hiru aste eman ditu Pier Luigi Cherubinoren ordezkoa kontratatzeko. Juan Carlos Amoras da, azkenean, andaluziarren entrenatzaile berria. Udazkenean kargugabetu zuten arte, hamarkada arrakastatsua zeraman Tottenham talde ingelesean.

NWSL. Olympiquek Catarina Macario fitxatu ostean, Emily Fox North Carolina Unibertsitateko hegalekoa izan zen lehen aukeratuta NWSLko draft-ean. Racing Louisville talde berriarekin ariko da. Bigarren postua Washington Spiriten jokatuko duen Trinity Rodmanentzat izan zen eta, hirugarrena, Sky Bluen arituko den Brianna Pintorentzat.

Ingalaterra. Phil Nevillek Ingalaterrako aulkia utzi du, Inter Miamira joateko. Sarina Wiegmanek Olinpiar Jokoak amaitu arte ezingo duenez bere lekukoa hartu, bitarteko entrenatzaile batek zuzenduko du Ingalaterrako selekzioa hurrengo hilabeteotan.