GARA
bilbo

Ia 7.500 istripu gutxiago, baina hiru hildako gutxiago soilik, iaz EAEn

Covid-19ak markatu zuen iazko jarduera osoa eta horrek eragina izan zuen lan ezbeharretan ere. Osalanek emandako datuen arabera, 2020an aurreko urtean baino 7.500 istripu gutxiago izan ziren; halere, hiru hildako gutxiago soilik izan ziren EAEn, gehienak Bizkaian.

Osalanen datuen arabera, EAEn bajadun 31.533 lan istripu izan ziren 2020an, aurreko urtean baino baino 7.462 gutxiago (-%19,1), covidaren ondoriozko jardueraren murrizketagatik bereziki. Hala ere, hiru hildako gutxiago baino ez dira zenbatu 2020an, 27 langile hil baitira eta 2019an 30 izan ziren.

Lan jardunaldian zehar gertatutako istripuak, lanerako bidean edo handik itzultzean gertaturikoak eta birgaixotzeak sartzen dira kopuruotan. Horrela, Osalanek dioenez, lanean gertaturikoak 26.958 izan dira 2020an (2019an baino %18,3 gutxiago), eta bidean beste 3.244 (-%20,9).

Zerbitzuetan eta eraikuntzan

Sektoreka banatuta, lan jardunaldian zehar 13.837 istripu jazo dira zerbitzuetan; 9.133, industrian; 3.426, eraikuntzan eta 562, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzan. Halere, portzentajeei begiratuta, eraikuntzan izan da ezbehar kopuru handiena (61,58 baja 1.000 enplegatuko), eta ondoren lehen sektorean (58,3), industrian (54,64) eta zerbitzuetan (20).

Lan jardunaldian izandako istripu guztien artetik, 26.768 arinak izan dira (%18,4 gutxiago), 169 larriak (%4,3 gehiago) eta 21 hilgarriak (2019an baino bost gutxiago).

Bidean gertaturiko lan istripuei dagokienez, Osalanen datuen arabera, 3.211 arinak izan dira (-%20,7), 27 larriak (2019an 44) eta seitan heriotza eragin dute (urtebete lehenago baino bi gehiago).

Lurraldeka, Bizkaian 14 langile hil dira 2020an lanean ari zirela (aurrekoan baino bi gehiago), Araban beste lau (2019an baino bi gutxiago) eta, azkenik, Gipuzkoan hiru behargin hil dira (2019an baino bost gutxiago).

Salaketa publikoa

Lan istripuen tasa altua jendaurrean salatu zuten hilaren 15ean sindikatuek, Bilbon eta Iruñean egindako perfomanceetan.

Istripu gehienak prekaritatearen eta segurtasun neurrien faltaren ondorioz gertatzen direla ozen esan zuten egindako mobilizazioetan.

Horretaz gain, urtetik urtera lan istripu eta gaixotasunen kopuruak hobera egin beharrean okerrera egiten duela adierazi zuten sindikatuek, zenbakiok onartezinak direla nabarmenduz.

Sindikatuen arabera, iaz 70 langile inguru hil ziren lanean Hego Euskal Herrian; horien artean Joaquin Beltran, Zaldibarko zabortegiko hondakinen artean desagertuta jarraitzen duena.

Hasi berri dugun urte honetan ere izan dugu heriotza ekarri duen lehen istripua. Hilaren 12an gertatu zen, 36 urteko langile bat hil zen Trapagarango Sistems Melesur Energia enpresan izandako ezbeharrean.

Langilea hiru metro eta erdiko altueratik erori zen; goi-tentsioko dorre batean zegoen egitura erori egin zen.

Sistems Melesur Energia Malagako enpresa da, Iberdrolak azpikontratatua. Hildako langileak lau urte zeramatzan enpresa horretan eta Andaluziatik etorri zen lan hori egitera.