Asier ROBLES
«LAGUNDU ARGITZEN» JAIALDIA

EUSKAL SORTZAILEEK BULTZADA EMAN DIOTE ZALDIBAR ARGITU PLATAFORMARI

EUSKAL HERRIKO MUSIKARI, BERTSOLARI, DANTZARI ETA SORTZAILE UGARI BILDU ZIREN ATZO ZALDIBAR ARGITU PLATAFORMAK EIBARREN ANTOLATUTAKO «LAGUNDU ARGITZEN»EKITALDIAN. DUELA IA URTEBETE GERTATUTAKO EZBEHARRA GOGORATZEA ETA EPAIKETAN HERRI AKUSAZIOAREN KOSTUEI AURRE EGITEKO DIRUA BILTZEA IZAN ZEN HELBURUA.

Zaldibar Argitu plataformak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartaren laguntzarekin, elkartasun ekitaldia antolatu zuen atzo Eibarko Armeria Eskolan, “Lagundu argitzen” izenburupean, Verter Recycling enpresaren zabortegian luizia izan eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak hil zirenetik urtebete betetzear denean –otsailaren 6an izan zen lur-jausia–.

Ekitaldia 12.30ean hasi zen. Zaldibar Argitu plataformako kideek zabortegia behera etortzeak eragindako kaltea gogora ekarri zuten: «Desastre izugarria izan zen. Desastre sozial eta humanoa bi langile etxera itzuli ez zirelako: desastre ekologikoa amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako gure lur, ur eta airea kutsatuz; eta desastre politikoa, kontrol falta, laguntxoen arteko negozioak, aurpegi zuritzeak, patrika pribatuak elikatzeko joera, errespetu faltak, iluntasuna, isiltasun konplizeak agerikoak izan zirelako».

Nerea Ariznabarretak aurkezpen lanak egin ondoren, Miren Muriza eta Maialen Lujanbio bertsolariei pasatu zien mikrofonoa. «Gain behera doa sistema osoa/ ez da izango ihesik./ Gain behera joango zaigu bizitza/ oinarria irauli ezik», kantatu zuten bertsotan.

Olatz Salvador izan zen agertokira igo zen hurrengoa. Gitarrarekin lau kanta abestu zituen, tartean publikoarekin batera kantatu zuen “Nora”. «Behin eta berriz errepikatu dezakegu eta altuagoa esan dezakegu, baina argiagoa ez: Zaldibar argitu behingoz!», adierazi zuen.

Oholtzara igotzen hurrengoa Petti izan zen. Bigarren abestian Zaloa Urainek lagundu zion gitarraren akordeei ahotsa jartzen. «Mila esker gaurko ekitaldia antolatzeagatik. Tamalez, ezinbestekoak dira horrelako ekimenak», esan zuen Berako abeslari eta gitarra jotzaileak.

Dantzariak, margolaria...

Jarraian dantzarien txanda iritsi zen. Mattin Etxebeste, Antton Fernandez, Aritz Salamanca, Udane Eskudero eta Aiora Etxebeste dantzariak agertokiaren aurrean jarri ziren eta beren mugimenduekin publikoaren arreta bereganatu zuten.

Bitartean, Jone Bengoa Sastraka margolariak ekitaldiaren lehen minututik hasi zuen murala margotzen jarraitzen zuen agertokiaren alde batean. Ekitaldi bukaeran murala igo zuten agertokira.

Liher taldearen musikak eman zion jarraipena ekitaldiari. Hiru kanta abestu zituen talde donostiarrak, abestu zuten azken kantarekin, “Sismografoa eta lurrikara”, jendearen txalo-zaparrada irabaziz.

Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jotzailea igo zen gero oholtzara. “Zertarako amestu” eta “Irauntzi dana” kanten ondoren, “Min hau” abestiarekin agurtu zen.

Miren Narbaiza, Maite Arroitajauregi Mursego eta Zaloa Urain musikariek hartu zuten lekukoa. Besteak beste, Paquita la del Barrioren “Rata de dos patas” eta Zaldibar Argitu ekimenaren abestia bihurtu den “Zaborrezko munstroa” abestu zituzten.

Ondoren, Nerea Ibarzabalek eta Eneko Sagardoyk testu bat irakurri zuten Maite Arroitajauregiren musikaren laguntzaz gertatutakoa gogoratzeko. «Zein gainazaletan balio du bizitzak, zenbat ur beltz filtratu dezake herriak eta zergatik ez da oraindik aski ziurra langilearen hankapeko lurra», galdetu zuten.

Erantzun kolektiboa

Ekitaldiaren azken zatian, Zaldibar Argituko kideak agertokira igo ziren hainbat aldarrikapenekin, eta Jokin Bergarak hartu zuen hitza: «Zabortegiaren hondamendiak denok asaldatu gintuen, nola izan zitekeen posible zabor artean itotzea euskal oasian? Nola izan zitekeen posible zabortegian gezur formako zabor gehiago isurtzea?».

Zaldibar Argitu plataformaren sorreraren zergatiak ere azaldu zituen: «Diru goseak, agintekeriak eta botere gehiegikeriak agintzen duen mundu honetan gizatasun uharte moduan jaio ginen. Senideei babesa eskaini, herritarren haserrea antolatu eta geure bizitzei balioa emateko. Kaleak herri indarrez piztu eta zaborrezko munstroak eragindako arrangurari erantzun kolektiboa emateko».

Horri lotuta, Zaldibar Argitu hondamendi bati emandako erantzun antolatua dela adierazi zuen Bergarak, baina, era berean, nabarmendu zuenez, «hondamendi hori posible egin dituzten kausak borrokatu behar dira lehendabizi horrelakorik gertatu ez dadin».

«Diru gosea eta klientelismo narrasa tonaka izuri dira Zaldibarren, denok dakizkigu erantzuleen izen-abizenak, soilik gizarte zibil antolatutik eraiki dezakegu erresistentzia gune bat, elkartasunetik muga bat ipintzeko zabor azpira kondenatzen gaituztenei», nabarmendu zuen Bergarak azkenik.