Jon ORMAZABAL
PILOTA

Otsoek harrapatu egin dituzte ia

16-1 aurreratu ostean, nahi eta behar baino gehiago sufritu dute Ezkurdia-Galarzak txapelketako euren lehen puntua eskuratzeko.

Binakako honetan garaipen errazik ez dela inork baino hobeto dakite Joseba Ezkurdiak eta Ladis Galarzak, hiru porroten ostean, eskuetan zuten lehen puntua eskuratzeko nahi eta behar baino gehiago sufritu behar izan zuten eta Zubizarreta-Albisuri 22-14 irabazteko. Gorabehera handiko lehia batean, Aspeko nafarrak 16-1 aurreratu ziren arerioen gainetik pasata, baina ez zuten lehenengoan partida amaitzen asmatu eta «otsoek», ataundarrek, harrapatu egin zituzten ia, 18-14 gerturatua. Albisuk, ordea, lurrera bota zuen bi eta erdian hartutako aukera-aukerako pilota bat eta hor amaitu ziren goierritarren esperantzak, nafarren lasaitasunerako.

Lehen hiru tantoak ikusita, inork gutxik espero zezakeen lehiak hartu zuen bidea. Ikusgarriak izan ziren, batez ere urdinen lehenengoa; beste hiru pilotariek txaloak jo zizkioten Albisuk bostetik boleaz egindako bi paretakoari. Hortik aurrera, baina, Aspekoek ihes egin zuten markagailuan arerioen gainetik pasata.

Ezkurdia izan zen ihesaldi horri indarra ematen lehena, Zubizarreta ezinean aritu baitzen arbizuarrak pilotari eman zion abiaduraren aurrean. Lehen partida zuen aurrelari gazteak arbizuarraren aurka eta defentsan aritzea kosta egin zitzaion. Atzean ere Ladis Galarzak jarri zuen bere alea, denbora ematen zion pilota batekin Albisuri eusteaz harago, bizkarra ere erakutsi ziolako askotan.

Berandu heldu zen erreakzioa

Aspekoek txapelketako lehen jardunaldian jasotako egurra itzultzeko moduan ziruditen, baina ordura arte egin gabeko hutsak pilatu zituzten, goierritarrek Ezkurdia gainetik pasatzeko pilota topatu zuten eta azkenerako lanak eman zizkieten.