A. G.
ACUNSA GIPUZKOA BASKET

Bartzelonaren erauntsia Illunben

Bartzelonak serio hartu zuen Acunsa Gipuzkoa Basketen kantxara egindako bisita. Azken bi partidak irabazita zegoen talde donostiarra eta Saras Jasikeviciusenek ez zuten ezustekorik nahi. Hori gauza bat da, eta beste bat 30 minututan katalanek erakutsi zuten joko erauntsia. Azken emaitza 68-110 izan bazen, azken laurdenean Barçak lasai hartu zuelako izan zen.

Aurreneko erdian amaitu zen neurketa, egiari zor, atsedenaldiko emaitza 36-62 izan baitzen. Bartzelonak ez zuen ia hutsik egin: 14 hirukotik 12 sartu zituen; bi puntuko 13 jaurtiketetatik 11 barrura joan ziren. Hain gaizki aritu al zen defentsan Gipuzkoa Basket? Ez hain gaizki. Baina Bartzelonak ez zion arnasarik hartzen utzi GBCri, eta airean eraman zuen.

Airean eraman zuen erasoan, bai eta defentsan ere. Puntu asko sartzera bakarrik jokatu izan balute katalanek sikiera! Baina ez ziren puntu asko sartzearekin konformatu, eta defentsan ere ito egin zituzten Marcelo Nicolaren gizonak.

Bartzelonako hamabi jokalariek lortu zuten saskiratzeren bat gutxienez; Brandon Davies –lesio batetik irten berria bera– izan zen saskiratzaile nagusia, 18 punturekin, baina bera eseritakoan ere ez zuen Barçak inolako gupidarik erakutsi.