Andoni ARABAOLAZA
SNOW-RUNNING

Lehen euskal dominak, Elur Gaineko Lasterketen Espainiako Kopan

Nahiz eta eguraldia ez zuten lagun izan, 163 korrikalarik aurreikusitako bi itzulietatik batean jardun zuten. Emakumezko seniorretan,Rebeca Mariño nafarrak zilarra lortu zuen, eta, mutiletan, Julen Larruzea bizkaitarra podiumaren hirugarren koskara igo zen.

Fedme-k jakin bazekien Snowrunning edo Elur Gaineko Lasterketen Espainiako Koparen lehen hitzordurako elurrak ez zuela hutsik egingo. Eta hala izan da. Baina Leitairegosen (Leon) izan den lehen probak bestelako eragozpenak izan ditu: hotza, euria eta haize zakarra. Eta, jakina, baldintza horiek erabat baldintzatu zuten joan den asteburuan jokatutako lasterketa.

Irteera gunean 163 korrikalari elkartu ziren, eta horiek guztiek 10 kilometro eta 1.000 metroko goranzko desnibela zituen ibilbideari aurre egin behar zioten. Aipatu bezala, ordea, oso baldintza kaskarrak izan zituzten. Adibidez, ibilbidearen goialdean haizearen ufadak 100 kilometro ordukoak izan ziren; eta behealdean, berriz, 50 kilometro ordukoak. Egoera hori ikusirik, antolatzaileek zein epaileek aurreikusitako bi itzulietatik bat bertan behera utzi behar izan zuten.

Lasterkariek itzuli bakarra egin behar zutenez, oro har, esan daiteke erritmo handiko norgehiagokak ikusi zirela. Emakumezko seniorren kategorian, adibidez, Gaztela eta Leongo Patricia Muñoz nagusitu zen 28:21eko denborarekin. Bigarren postua Rebeca Mariñorentzat izan zen; nafarra irabazlearengandik minutu eta hamaika segundora helmugaratu zen. Celia Lorenzo izan zen hirugarren. Muskilda Oloriz nafarra top-10ean sartu zen; hain zuzen ere, bederatzigarren postua sinatu zuen.

Mutiletan ere lehia estua izan zen; aurreneko bi sailkatuen artean ia esprinta izan zen. Azkarrena Borja Fernandez izan zen 25:58ko denbora eginda. Soilik bederatzi segundora ailegatu zen bigarren sailkatua: Diego Diaz. Eta hirugarren postua euskal lasterkari batek erdietsi zuen: Julen Larruzeak. Irabazlearengandik 20 segundora geratu zen. Bizkaitarraren atzetik, bosgarren postuan, Nafarroako Txurregi taldeko Thibaut Bertrand sailkatu zen. Eta bederatzigarren postuan beste nafar bat sailkatu zen: Ruben Astiz.

Azkenik, beteranoen A kategorian, bi euskal korrikalarik jardun ederrak egin zituzten. Aritz Sardinak, adibidez, hirugarren postua erdietsi zuen, eta Laura Martinek, berriz, bederatzigarrena.

Elur gaineko lasterketetan parte hartzen dutenek hurrengo hitzordu nagusia otsailaren 6an izango dute, Sierra Nevadan (Granada). Fedmek antolatutako Espainiako Txapelketa izango da jokoan. Eta otsailaren 13an, Larra-Belagua lasterketak Espainiako Snow-running Koparen bigarren hitzordua jasoko du.